Juan Mari Balierren oroimenezko klasikoa eguenean, 15:00etan, hasiko da, Durangoko Ezkurdi plazan. Estatu mailan lehiatzen den egun bateko klasiko bakarra da. Goi mailako 25 taldek eta 150 txirrindularik parte hartuko dute eta Bizkaia-Durango Murias Team izango da horietako bat.
Ibilbideari dagokionez, lehenengo Miotarako zirkuitua lau bider osatuko dute. Ondoren, birritan igoko dira Goiuria gainera: Lehenengoan Garaitik eta bigarrenean San Juan Momoitiotik. Azken igoera horrek %20ra arteko aldapak ditu eta helmugatik zazpi kilometrora kokatuta dago. Lasterketa 18:00 inguruan amaituko dela aurreikusi dute Duranguesa elkarteko antolatzaileek. Hasitako toki berean izango du helmuga, Ezkurdin.
Iazko aldia Annemiek Van Vleutenek irabazi zuen eta aurten ere irteera puntuan izango da txirrindulari herbeheretarra.