"Hemen, alokairua negozio bat da, eta etxea erostera bideratuta dago sistema"

Markel Onaindia 2018ko api. 27a, 09:30

Alokairuaren gaia pil-pilean dago Durangon. Baina, zer diote protagonistek? Libe Solagaistua Zabalak (1991) eta Amaia Aierdi Gaztelu-Iturrik (1991) elkarregaz eman zuten alokairurako pausoa, 2015ean. Bestalde, Maialen Galarza Garrastatxu (1994) da alokairuko etxe bila dabilen gazteetako bat.

Zelakoa izan zen alokairuko etxea topatzeko bidea, Libe eta Amaia?
Libe Solagaistua: 2015eko urtarrilean hasi ginen etxe bila, lana lortu eta gero.
Amaia Aierdi: Interneten bila hasi ginen, baina karu zeuden, eta gero etxe agentzietara joan ginen.
L.S.: Bai. Hainbat etxe agentziatara joan ginen; orokorrean, ez ziguten oso harrera ona egin. 600 euroko alokairuko etxe bat lortu genuen azkenean.
A.A.: Hasieran, 650 euro eskatzen zizkiguten, baina etxe zaharra zen, eta berogailu bakoa. 600era bajatzea lortu genuen. Gerora, berogailua ipini ziguten, horrela hitzartu zutelako. Urte bi egin ditugu bertan.

Alokairu hori eramangarri egiten zitzaizuen?
A.A.: Esfortzu bat da. Aurreztu gura baduzu, nahiko mugatuta zaude.

Zuen esperientziatik, zelan ikusten duzue Durangon alokairua lortzea?
L.S.: Orokorrean, nik uste etxe zaharrak daudela alokagai, hogei urtean berrizteko euro bat ere inbertitu ez dutenak.
A.A.: Eta gero 600 euro eskatzen dituzte. Pertsona bat bakarrik joateko oso txarto dago, ezinezkoa da. 600 eurotik gorakoak ez genituen begiratu ere egin; etxe agentziara joan eta 550egatik ez zegoela ezer esaten ziguten. Hilean 800 edo 1.000 euro irabazten badituzu, ezin duzu bakarrik joan.
L.S.: Ni orain 550 euro ordaintzen nabil, eta gauzak dauden moduan zortea dudala esan daiteke.

Maialen, orain etxe bila zabailtza zu. Zer prezio ari zara ikusten?
Maialen Galarza: 650etik gorakoak eta 700 eurokoak ikusten dira. Horrela, zelan konpondu alokairua eta gastuak ordaintzeko? Aspalditik nabil etxetik joateko gogoz. Baina eduki dudan lana ez da iraunkorra izan: hiru hilabete, beste hiru, gero sei... eta soldata oso baxuak. Ez dizu segurtasunik ematen. Orain kontratu nahiko duin bat daukat, eta urtebeterako da. Beraz, etxe bat alokatu dezakedala sentitzen dut. Bakarrik joateko asmoa neukan, baina prezioak ikusten hasi eta... Ez nekien etxe agentzietan fidantza eta lehen hilea aurreratu behar zirenik. Gainera, urtebete egon behar duzu gutxienez, bestela fidantza galtzen duzu. Inguruko jendea ere nire egoera berean ikusten dut.

Alokairua gazteak emantzipatu eta gizartea garatzeko tresna bat dela esan ohi da. Europa iparraldeko herrialdeetan gazterik irteten dira gurasoen etxetik. Hemen erreala al da hori?
L.S.: Kontua da herrialde horietan alokairua ez dela izaten soldataren %50ekoa, hemen lez. Sistema ez da berdina. Hemen, alokairua negozioa da, eta sistema etxea erostera bideratuta dago. Alokairua dirua galtzea dela entzuten dugu.
M.G.: Gazteentzat bideratuta dagoen? Bada, lan finkoa dutenentzat akaso, baina ikasketak amaitzen dituzu eta...
A.A.: Filosofia kontua ere bada. Bartzelonan ikasten egon nintzenean, ikasle askoren familiak alokairuan bizi ziren.

Diru-laguntza batzuk ematen dituzte udalek, eta Eusko Jaurlaritzak ere hainbat iragarri ditu datozen urteetarako.
L.S.: Jaurlaritzaren laguntzak barregarriak dira. Laguntza jasotzeko, 12.000 euro baino gutxiago irabazi behar dituzu urtean; baina, hori baino gutxiago irabazten duen pertsonak ezin du alokairurako jauzia egin.

Durangoko Udalak gazte alokairurako etxe batzuk eskainiko ditu. Apuntatzeko asmorik baduzu, Maialen?
M.G.: Bai. Hori bai, Durangorako etxe gutxiegi direla uste dut. Bestalde, zalantza dut proiektua gestionatzeko moduagaz: zer baldintza egongo den, zelan txandakatuko den, zelan funtzionatuko duen ikusi beharko da. Gainera, txandakatzean edo lanik barik geratuz gero, berriro salduta egongo gara. Bestalde, gazteak kalera irtetea beharrezkoa da, inork ez digu-eta ezer oparituko.

Eremu pribatuan, asko dira ez direnak alokatzera animatzen.
A.A.: Etxe piloa dago hutsik. Jabe batzuek, baina, ez dute gogorik izan alokairuan ipintzeko, eta beste batzuek prezio itzelak jarri dituzte. Ez al dago hori kontrolatzeko neurririk? Udaletik zerbait egin daiteke agian.
L.S.: Bai. Araututa egon beharko litzateke, baina ez merkatuaren arabera.
M.G.: Jendea motibatzeko lan gehiago egin behar dela uste dut; gizarte aldaketa bat behar da.  Etxe jabeei ere erraztasunak eta segurtasuna eman behar zaizkie, gazteei bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!