"30 urte bueltan dago emantzipazio adina; izan ere, erosten zein alokatzen jarrita, dirutza behar da"

Markel Onaindia 2018ko api. 27a, 10:30

Gaindegiak, Euskal Herriko gizarte eta ekonomia garapenerako behategiak, etxebizitzaren inguruko ikerketa egin du. Imanol Esnaola (Lezo, 1971) da koordinatzailea. Hiriburuez aparte, prezio altuenen sailkapeneko podiumean dago Durango.

Alokairuaren prezioa gora etorri da azken urteetan. Zergatik?
Alokairuaren zama ekonomikoa etxebizitza librea erosteak dakarrena baino gehiago hazi da.  Etxebizitza merkatuko salgaia den aldetik, eskaerari lotuta dator. Eskaerak gora egitean gora egiten du prezioak. Beraz, hainbat fenomeno batera gertatzen ari direla gogoan hartu behar dugu. Batetik, metropolizazioa. Bestetik, arrisku finantzarioen eraginez maileguak eskuratzea zailagoa gertatzen denez, alokatzea da etxebizitza eskuratzeko biderik errazena. Aintzat hartzekoa da egoera ekonomiko ahulena bizi duen jendeak jotzen duela alokairura gure artean (gazteak, atzerritik etorritakoak, bikote harremana eten dutenak…).

Alokatzea erostea baino merkeagoa dela uste izan da.
Norberak egin behar dagozkion diru kontuak. Euskadiko Gazteria Kontseiluaren arabera, salmentaren prezioa gazte baten batez besteko diru sarreren %54,9 izateraino heldu da, eta alokairua, %66,9 izateraino. Euskal Herrian etxebizitzaren salneurria soldatapeko gazteen ahalmen ekonomikotik oso urrun dago.

Durangon 700 euroren bueltan dago alokairua, eta salmentarako ere altuak dira prezioak.
2008. urtean goia jo zuen salmentaren prezioak. Durangon igoera oso nabarmena izan zen eta metro karratua 3.512 eurotan saltzera heldu zen batez beste, ia Bilboren pare (3.741 euro) eta Bizkaiko batez bestekoaren oso gainetik. Gaur egun 1.963 eurotan dago eta Bilbo, 2.326 eurotan. Beraz, Durangon gehiago merkatu da etxebizitza librearen prezioa. Edonola ere, alokairuak 700 eurotik gora egonda, aukera biak oso gaitzak dira gazteen errenta mailarentzat. Durangoko prezioen egoerak antzekotasun handiak ditu, esaterako, Lapurdi barnealdean bizi duten egoeragaz. Kostaldean prezioak garesti, eta barnealdean prezioa gora.

Zein adinegaz emantzipatzen dira gazteak Euskal Herrian?
Ohitura moduan hartu ohi dugu arazo sozioekonomikoa dena. Hego Euskal Herrian 30 urte inguruan dago emantzipazio adina; izan ere, erosten zein alokatzen jarrita, dirutza behar da. Hau da, gazterik gehienen bizitza plana eta epeak Ipar Euskal Herrian baino berantagoak dira. Katastrofe hutsa da gure herriarentzat. Gazteen emantzipazioak lehen mailako helburu nazionala izan behar luke.

Beraz, instituzioek gazteen alokairua sustatu beharko lukete?
Laguntza programa jartzera doala esan berri du Eusko Jaurlaritzak, bada zerbait. Edonola ere, interesgarria litzateke adinekoen presentzia handia den auzoetan gazteen alokairua sustatzea, oreka demografiko egokiak bilatzeko; edo udalerri txikien kasuan, herrian bertan ezartzea, bertako demografia sendotzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!