Durangoko gazteak egun gutxi barru hasi ahalko dira udalaren alokairuko etxeak eskatzen

Markel Onaindia 2018ko api. 24a, 19:17

Gaurko osoko bilkuran behin-betiko onarpena eman diote ordenantzari, eta aldizkari ofizialean argitaratzen denean -egun gutxi barru-, inskripzioa zabalduko du Durango Eraikitzen erakundeak. Momentuz Faustegoienako sei etxe ipiniko dituzte eskura, eta urtea amaitu aurretik beste bost zabaltzea da udalaren asmoa. Faustegoienako babeseko promozio osoan 118 etxe eraikitzen dabiltza; osotara 16 etxe izango dira gazte alokairurako, eta gainerakoak salmentarako.

18 eta 30 urte arteko gazteek 150 eta 300 euro arteko alokairua ordainduko dute etxeengatik, duten errentaren arabera. Bakarka, bikoteka edo hirunaka joatearen arabera, 7.500 eta 33.000 euro arteko diru sarreren jabe izan beharko dute, eta etxeko egonaldia txandakakoa izango da; urtebeteko epea gutxienez eta hiru urtekoa gehienez. 

Pilar Rios alkateordeak (PSE-EE) adierazi du gobernu taldea "esfortzu handia" dabilela egiten proiektuagaz. "Zonaldean inor ez dabil antzeko proiekturik garatzen", nabarmendu du. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, ostera, Faustegoienako promozioan alokairukoak etxe gehiago izan beharko liratekeela uste dute. 

Alegazioa, atzera
Ordenantzari eginiko alegazio bat atzera bota dute osoko bilkuran. Gaztea ez zen herritar batek eginikoa zen, bestelako zailtasunekin dauden bizilagunek ere etxeetarako aukera eduki zezaten. Baina, plana gazteei begirakoa izanik, atzera bota du osoko bilkurak, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPren botoekin eta Herriaren Eskubidearen abstentzioagaz. Gobernukoek azaldu dute beste politika batzuk daudela gainerako sektoreei laguntzeko, eta oposizioak sektore horien alde lan egitea eskatu du. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!