"Anboto ez da eskiatzeko ohiko tokia, baina etxe alboan dagoenez, gehien gustatzen zaiguna da"

Joseba Derteano 2018ko api. 6a, 12:25

Peru Arrasate Iriarte durangarra neguan Anboton eskiatzen ibili da.

Anboton eskiatzen aritu zara aurten. Lehenengoz?
Inguruetan ez da askotan egoten eskiatzeko aukera. Orain urte bi ibili nintzen lehenengoz. Aurten elur asko egin duenez, sarritan joateko aukera izan dugu, bost-sei bider. Anbototik Asuntza ingurura jaitsi gara. Anboto ez da eskiatzeko ohiko tokia, baina etxe alboan dagoenez, gehien gustatzen zaiguna da.

Inguruko beste mendiren batean ibili zarete?
Gorbeian ibili izan gara eta baita Aizkorri ondoan dagoen Butreai muino inguruan ere.

Ohiko eski estazioak baino zirraragarriagoak dira?
Bai, egia esanda, eskiatzeko modu desberdina da. Kontuz ibili beharra dago, materiala apurtzeko edo norberak min hartzeko arriskua dagoelako. Mendian beti dago arriskua, eta arrisku hori ahalik eta gehien minimizatzen saiatzen gara. Ezin gara egunero Pirinioetara joan, eta, beraz, hemen elurra egitean aprobetxatu egin behar!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!