Duranguesa txirrindularitza elkarteak antolatuta, eguenean hirugarren aldia egingo du Aitor Bugalloren oroimenezko lasterketak. Goizean, 09:30ean, elite eta 23 urtez azpikoak lehiatuko dira. Euskaldun torneorako puntuagarria den proban estatuko talderik onenek parte hartuko dute: Caja Rural, Lizarte, Aldro... Etxeko taldeak, Eiser-Hirumetek, denboraldiko lehenengo garaipena lortzea du izango du helburu.
Ezkurdin hasi eta amaituko da lasterketa. 128 kilometroko ibilbidearen barruan, Miotarako joan-etorria bost bider egingo dute. Ondoren, Garaira birritan igoko dira: Garai herrigunetik lehenengo, eta, San Juan de Momoitiotik ondoren. Azken igoera horrek %17ra arteko maldak ditu.
Azken aldi bietako irabazleek, Oscar Rodriguezek eta Jaime Castrillok, profesionaletarako saltoa eman dute.
Juniorrek lasterketa
Ubieta garaikurrerako puntuagarria den juniorren proba 16:00etan hasiko da eta 80 kilometro izango ditu. Nagusien mailako ibilbide berdina izango dute, baina Miotarako itzulia bost bider beharrean, birritan egingo dute. Gaursa Ren a Car-La Tostadora eskualdeko taldea azken urteetako garaipenak (Adam Hartley-rekin eta Mark Donovan-ekin) berritzen saiatuko da. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako talderik gehienek parte hartuko dute.
Guztira, lasterketa biak kontuan hartuta, 400 bat txirrindulari ibiliko dira eskualdeko errepideetan.