Eliteko eta 23 urtez azpiko 19 txirrindulari batzen ditu Eiser-Hirumeten aurtengo taldeak. Lehenengo urtekoak dira batzuk (Peio Ugarte, Ramon Diaz...) eta afizionatuetan esperientzia zabala dutenak (Beñat Etxabe...) beste hainbat. Jatorriari dagokionez ere aniztasuna nagusi: harrobikoak dira zazpi eta britainiarrak beste lau, esaterako. Jon Munitxa abadiñarrak taldean darrai. "Nahasketa konplikatua da, baina guk sustatu nahi dugun txirrindularitza posible denaren seinale ere bada", adierazi du Pablo Mas taldeko prestatzaile fisikoak eta kirol zuzendarietako batek.
Egutegia bete-beteta daukate eta denen gainetik Espainiako Kopa nabarmentzen da, lehenengoz parte hartuko dutelako. Euskal Herriko lasterketak ere agendan gorriz azpimarratuta dituzte. Urtero legez, nazioarteko hainbat probek -Frantzian eta Belgikan- osatuko dute egutegia. "Ahalik lasterketa gehien irabaztea eta maila oso altua ematea dira helburua", adierazi du Masek Durangoko San Agustin kulturgunean egindako aurkezpenean. "Hurrengo urtean txirrindulari batek ere gurekin ez jarraitzea litzateke onena, profesionaletara saltoa eman dutela esan nahiko lukeelako", gehitu du.
Gazteen taldea
Gaursa Rent a Car-La Tostadora jubenilen taldea zazpi txirrindularik osatzen dute: Julen Perez, Markel Rodriguez, Mikel Gutierrez, Eneko Delgado, Oskar Solana, Unai Atutxa eta Archil Ryan irlandarrak. Azken horrek, Ryan-ek, podium bat lortua du hasita dagoen denboraldian. Errenterian hirugarren izan zen. Markel Rodriquez, berriz, podiumaren ateetan geratu zen Eibarren.
Zortzi eta hamalau urte arteko Durangaldeko Bizikleta Eskola, kadete mailako Gaursa Team eta emakumeen Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeak ere gogoratu dituzte.