Durangoko epaitegien ebazpenaren arabera, ematen du kereilaren oinarrian dagoen azterketa historikoa zalantzan jartzen dela.
Harrigarria da. Bonbardaketak ehunka laguni eragin zien eta, gainera, espazioaren suntsiketa itzela gertatu zen. Beraz, autoa sorpresa handiz irakurri genuen, batez ere argumentarioagatik. Ildo horretatik, egia judizial bat beharrezko ez dela esatea justizia trantsizionalaren nazioarteko printzipioen aurka doa. Egia, justizia, erreparazioa eta errepikatuko ez den bermea. Egia ezagutzea beharrezkoa da edozein trantsizio prozesutarako, are gehiago gizateriaren aurkako krimen hain larrien inguruan. Horretan, epaitegiek paper garrantzitsua dute. Beraz, ez gaude ados egia historia liburuetan ezarri behar dela diotenean. Garrantzitsua da errekonozimendu hori, eta egia judizialetik ere pasatu behar da
Autoa irakurrita, zein balorazio egiten duzue?
Lehenik, behin-behinekoa da. Errekurritu egin dugu Probintzia Auzitegian, eta ebazpen horren zain gaude. Argi dugu Durangon gertatu zena ikertu egin behar dela. Gainera, aurretik egin barik zegoen ahalegin bat egin da informazioa biltzeko. Aurkeztu dugun txostena norabide horretan doa. Bonbardaketan parte hartu zuten pertsona guztien izen-abizenak jasotzen ditu. Beraz, gutxienez oinarrizko instrukzio diligentziak egin beharko lituzkete. Hau da, pertsona horiek bizirik dauden esatea eta Italiaren aldetik informazioa jasotzea. Auto hau testuinguru zehatz batean ezagutu genuen. Aste batzuk lehenago, Auzitegi Konstituzionalak ez zuen tramitera onartu Gasteizko krimenak ikertzeko errekurtsoa. Era berean, Bergarako epaitegiak artxibatu egin zuen Elgetan gertatutako krimenen auzibidea. Harritu egiten gaitu, izan ere, auzibide honen ezaugarrietako bat da kereila jarri eta 24 ordura onartu zela. Ematen zuen ikertzeko jarrera zegoela, eta espero dugu oraindik ere egotea, artxibatzea erabaki den arren.
Errekurtsoa zertan oinarritu duzue?
Krimen hain larrien aurrean ezin da auzibide bat artxibatu ikerketan diligentzia bakar bat egin barik. Uste dugu Konstituzioko 24. artikulua urratzen ari dela, benetako babes judiziala babesten duena. Egileen identifikazio horiekin guztiekin eskatzen duguna da, behintzat hasierako izapideak egitea eta jakitea pertsona horiek oraindik bizirik dauden eta non dauden. Beraz, ez litzateke artxibatu behar Italiari datu horiek eskatu barik. Egia historikoari dagokionez, gertatutakoa ukatu egiten da ia autoan. Ia zalantzan jartzen da bonbardaketa existitu zela ere. Zentzu horretan, azpimarratzen dugu deskribatzen ditugun gertaerak oso zehatzak direla eta egileak ere identifikatuta daudela. Bestalde, frankismoaren krimenen inguruko ikerketaren doktrina ezartzen duen Auzitegi Goreneko 101/2012 sententzia kasu honetan ez dela aplikagarria defendatzen dugu. Bere momentuan gai hau Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren aurrean oso ondo argudiatuta dago, antzerako ezaugarriak dituen prozedura batean. Atzerritarrek egindako erasoa izan zen, eta ez momentu horretan borrokan zebiltzan bi parteen aldetik. Beraz, horregatik bakarrik, ez litzateke Amnistiaren Legea aplikatu beharko. Eta gogoratu behar da gizateriaren aurkako krimenak direla, eta, beraz, ez direla preskibatzen.
Auzibide ugari bertan behera gelditu diren arren, mota honetako beste prozedura bik bere bideari jarraitzen diote Sorian eta Bartzelonan. Durangokoak zein ibilbide izan dezake?
Auzibideak jarraitu beharko luke, baita gainerakoek ere. Baina egia da ezberdintasuna dagoela, frankismo sasoian gertatutako krimenen inguruan Amnistia Legearen inguruan egiten duten interpretazioagatik, nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa dena. Auzitegi Goreneko doktrina dela-eta, estatu espainiarrean momentu honetan zaila da frankismoaren sasoian gertatutako krimenak ikertzea. Horregatik, kereila bat dago Argentinan. Aldiz, atzerriko potentziek gauzatutako krimenak — une horretan estatu espainiarrari gerra deklaratu barik zeuden herrialdeen aldetik— ez dira Amnistiaren Legearen irizpideetan sartzen. Beraz, horregatik, krimen hauek ikertu egin behar dira. Bartzelonan Probintzia Auzitegiaren ebazpenak ikertzea agindu zuen. Uste duguna da Durangoren kasuan ere bide horri jarraitu beharko litzaiokeela. Esperantza hori badugu behintzat.
Momentu honetan, Bartzelonako kereila zein fasetan dago?
Durangoko kasua berriro irekiko balitz egongo ginatekeen egoeran dago. Bonbardaketa gauzatu zuten abiadoreak identifikatuta ditugu. Momentu honetan, Italiaren erantzunaren zain gaude, pertsona horiek non dauden jakiteko eta prozedura beraien kontra zuzendu ahal izateko. Italia ez dabil erantzuten behar lukeen bezala. Horregatik, garrantzitsua da beste prozedura batzuk ere zabaltzea. Gertaera hain larrien aurrean onartezina da herrialde horren jarrera. Italiak ez du sekula barkamen publikorik eskatu. Beraz, ez da sekula erreparazio saiakerarik egon.