Martxoak 31

Jesuiten elizako paradoxa: frankistek 37ko martxoan suntsitu zutena frankistek bedeinkatu zuten gero

Aritz Maldonado 2018ko mar. 28a, 10:20

1937ko bonbek kaltetu zuten eraikinetako bat Jesuitetako eliza izan zen. Meza denboran gertatu zen bonbardaketa, eta, horren ondorioz, hogeita bi lagun hil ziren bertan, tartean, meza ematen ari zen Rafael Billalabeitia abade jesuita eta hari laguntzen aritutako Jose Antonio Luengas.

Bonbardaketaren ostean, Andra Mariko eliza 1939ko urtarrilaren 1ean inauguratu zuten berriro; Jesuitetako eraikinak lau urte gehiago behar izan zituen. Paradoxikoki, faxistek eraitsi zutena faxistek eurek bedeinkatu zuten atzera. Jesuitetako elizak 1943ko San Jose egunean ireki zituen ateak ostera, ospe handiz. Inaugurazio ekitaldiaz Francisco Javier Lauzirika iurretarra arduratu zen. “Frankista amorratua zen, eta Oviedon obispo izatera iritsi zen”, azaldu du Jon Irazabal historialari eta Gerediaga elkarteko kideak. Elizkizunera joandakoen artean, bestalde, garaiko udaleko kideak, Francoren justizia ministroa eta gobernadore zibila aipatzen ditu Irazabalek.

Aniztasunaren isla
Horrelako erasoetan gertatu ohi den bezala, Durangoko sektore askotakoak izan ziren biktimak, tartean, familia ezagunetako hainbat kide. Jesuitetako elizako erasoan, oso nabarmena izan zen hori, Irazabalen berbetan. “Durangoko karlistentzat tragedia bikoitza izan zen, izan ere, gerra irabazi arren, senitartekoak zelan galdu zituzten isildu beharra zuten”, azaldu du historialariak. Frankismoak iraun zuen urteetan, aitormen moduko bakarra eduki zuten senideek: 1943ko martxoaren 31n, bonbardaketaren seigarren urteurrenean, meza berezia egin zuten hogeita bi hildakoen omenez. “Publikoki egindako funeral bakarra izan zen, eskela eta guzti; zentsura gainditu zuen, gauza arraroa garai horretan, eta, ziurrenik, ezikusiarena egin zutela ekiditeko egin zen”, adierazi du. Eskolan zegoen kuartela, eta bonbardaketak bertan harrapatu zuen 23 urteko Miguel Zabala soldadu gaztea, Kirikiño batailoikoa. Bertan hil ziren, baita ere, Itziar Belaustegigoitia eta Silvestra Zugazartaza Oromiño auzoko irakaslea, besteak beste. Hildakoen omenez, bi olana ezarriko dituzte Jesuiten kanpoaldean, garaiko argazkiekin eta hildakoen izen-abizenekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!