Sindicato Labrego Galegoko 16 gaztek Euskal Herriko baserritarren esperientziak ezagutu dituzte, EHNE sindikatuaren eskutik. Mocidade Labrega gazteen elkarteak agroekologiaren arloan Euskal Herrian martxan jarri diren esperientziak ezagutu gura izan ditu. Astelehenetik barikura, hainbat ustiapen bisitatuko dituzte: esnetegiak, ortuak eta erle-zaintzakoak. Zuzeneko salmentari interes handiz jarraitu diote.
Bisitako interesguneetako bat Kurutziagako jantokia izan da. 700 bat umek eta langilek bertoko baserritarrek ekoiztutako sasoiko barazkiak jaten dituzte egunero. "Umeek kalitatezko janaria jan dezakete gehiegizko prezioa ordaindu barik, eta hori gurean ere posible izango litzateke", dio Sonia Vidalek.
Galiziaren kasuan, jantokietan "atzerapausoak" ematen ari direla nabarmendu du Alberte Lamazaresek. "Orain 30 urte janaria eskoletan prestatzen zen, eta umeek zerbitzatzen eta batzen ikasten zuten. Gaur egun, horrek okerrera egin du", azaldu du Lois Varelak.
Egunotan Euskal Herrira egin duten bisitan sentitu duten kontzientziazio soziala azpimarratu dute sindikatuko ordezkariek. Alberte Lamazaresen berbetan, "Galizian kontzientzia sozial falta sumatzen dugu. Jende gutxi ari gara eredu hau bultzatzen" .