"Jantokitik harago, ikastetxeko familia guztien filosofian eragin gura dugu"

Anboto 2015ko mai. 9a, 10:00

Sasoian sasoiko produktuak, inguruko baserritarrek ekoitzitakoak eta ekologikoak sartu dituzte jantokiko menuan, Kurutziaga ikastolan. Iazko ikasturtean, dilista eta arroz ekologikoa, eta menu orekatu bat (hilean behin proteina begetala jaten dute) sartu zituzten. Irailean, barazkiak gehitu zituzten. Horretarako, Iurretako, Izurtzako eta Abadiñoko baserritarrekin hasi dute elkarlana. Alazne Intxauspe da baserritar horietako bat, eta, Aritz Izagirre ikastolako gurasoetako bat. 

Nola sortu zen egitasmoa?
Aritz Izagirre: Gure umeek jandakoa, elikagaien jatorria…Guraso talde batek partekatutako kezka horretatik abiatu zen proiektua, jakion kalitatea hobetzerik bazegoela ikusita. 2013ko urtarrilean hasi ginen lanean, eskolako jolastokian sortutako ardura horretatik abiatuta, janari ahalik eta bertakoena, sasoian sasoikoa eta, posible balitz, ekologikoa erabiltzeko. Informazioa batzeko (jatorduak, gestioa…) ikastolagaz batzartu ginen, eta sinadura bilketa bat ere egin genuen. Lehenengo pausoa diagnostiko bat egitea izan zen.

Horrela gauzatu da ekimena.
A. Izagirre: Gurasook esku hartzeko genituen aukerak ezagutzeko eta jakien jatorria ezagutzeko ikastolako zuzendaritzagaz eta Auzolaguneko –janaria ekarri eta bertan kozinatzen duen enpresa– ordezkariekin batzartu ginen, sumatzen genuelako hobetu zitekeela. Barazkiak edozein tokitatik etorri zitezkeela ikusita, EHNEgaz ere batzartu ginen. Inguruko baserritarrekin sare bat eratu, eta elikagaiak ekoizteko eta eskaintzeko zerbitzua sortzeko aukeraz jardun genuen.

Bertakoa eta sasoian sasoikoa kontsumitzea sustatu behar da?
A. Izagirre: Sasoian sasoikoa erabilita, janariaren kalitatea asko hobetzen da, eta, bertan ekoitzitakoa izanik, bertako ekonomian ere eragiten dugu.
Alazne Intxauspe: Guk ere filosofia horri helduta egiten dugu lan. Ekologikoki bertako produktua askoz osasuntsuagoa delako; ekonomikoki bertako ekonomia indartzeko balio duelako; eta, sozialki beste gizarte eredu baterantz joateko bidea ikusten dugulako. Horrexegatik lantzen dugu elikadura burujabetza. Gurasoek eskatu eta guk ekoitzi: filosofia berean biltzen gara.

Gaur egungo jateko ohiturak ez dira batere osasuntsuak?
A. Izagirre: Ez nuke horrenbeste esango. Aspektu asko daude hobetzeko, bakoitzak bere etxean ere bai, baina, kontzientzia hartu, eta, filosofia honi jarraituz gero, asko hobetu daiteke. Azken urteetan produktu industrial piloa merkaturatu da, eskaintza zabala egon da, eta, lanez gainezka bizi garen honetan, produktu horiek kontsumitzeko joera egon da; hala ere, gero eta gehiago arduratzen gaitu jaten dugun horren kalitateak. Ikastolan 700 menu ematen dituzte, baina 1.000 ikasletik gora daude. Gure helburua jantokitik harago doa, familia horien filosofian eragin gura dugu. Horretarako, hezkuntza proiektu baten barruan sartu gura dugu hori guztia. Bidea dago egiteko.

Bestelako elikadura eredu bat sustatu gura duzue.
A. Izagirre: Jantoki batean bisualizatzen da proiektua, baina hezkuntza proiektu baten barruan sartuta garatzea gura dugu. Adibidez, beste elikadura eredu bat, jasangarritasuna eta osasun ohitura egokiak sustatu behar direla uste dugu. Irakasleen bultzada eta konplizitatea bultzatu gura dugu.

Horrelako ekimenak zabaldu beharko lirateke?  
A. Intxauspe: Baserriak gizarteagaz eta eskolagaz dituen loturak galdu egin dira, eta garrantzitsua deritzogu hori berreskuratzeari. Umeek ikusi behar dute baserria zer den, zelan geratu den... Bideragarria? Ezagun da Euskal Herrian lehen sektorea zelako egoeran dagoen. Prosezu baten barruan ulertu behar da dena, bide bat egin behar da. Ikastetxeetan bakarrik ez, toki guztietan egon beharko lirateke bertan ekoitzitako produktuak, osasuntsuena, kulturalki egokiena, eta ekonomikoki eta sozialki onena delako. Elikadura negozio bihurtu dute, eta gure eskubidea dela defendatu behar dugu, zer jaten dugun jakinda. Osasuntsua dena eta inguruarentzat egokia dena kontsumitu behar dugu.

Horretarako horrelako ekimenak garrantzitsuak dira.
A. Intxauspe: Bai. Guk Iurretan ekoizten dugu, eta gugaz proiektu honetan dauden beste baserritarrek Izurtzan eta Mendiolan ekoizten dute. Prezio duin bat adostuta eskaintzen dugu zerbitzua.
A. Izagirre: Egia da prezioa muga bat izan dela, baina adostasun batera heldu gara, eta kuota ez igotzea lortu dugu.

Elikadura ohituretan eragiteko ekimenak garrantzitsuak dira.
A. Intxauspe: Oso garrantzitsuak, bai ondo jateko, bai baserritar hasi berri askori aukera bat emateko.
A. Izagirre: Gizartean badago gaiarekiko ardura. Sare publikoan ere guraso elkarteetatik eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari esku hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!