Domeka arratsaldetan 100 bat ume eta gaztetxorentzako aisialdi eskaintza prestatuko dute. 6-10 adin tarteko 50 ume Elkartegian jolastuko dira, eta 11-14 adin tarteko beste 50 gaztetxo Plateruenean. Berbaroko 5 hezitzaile egongo dira eremu bakoitzean. Izena eman gura dutenek, hileka egin beharko dute, eta hilearen aurreko astea da epea. Martxoko domeketarako, hilaren 7ra arte inskribitu ahalko da Pinondo Etxean. Bestalde, Plateruenak aparteko tailerrak egingo ditu; martxoaren 17an, esaterako, skate eta graffiti tailerra egongo da 14-16 adin tartekoentzat. 18an, umeentzat antzerkia antolatuko dute, 12:00etan. Hauetan ere izena eman beharko da. Ihintza Orbegozo Platerueneko kultur arduradunak udalagaz edukitako elkarlana eskertu du.
"Aisialdian euskaraz bizitzea da helburu nagusia", Berbaroko Maite Unzaluren esanetan. Olaia Albizu euskara zinegotziak, guztira 28 ekintza izango direla nabarmendu gura izan du. Aitziber Irigoras alkateak kontatu du irailean umeen espazioen eta eskaintzaren inguruan hausnartzen hasi zirela, eta hauxe dela jaio den proposamen bat. Aurtengo probaren ostean, hurrengo ikasturtean ze forma eman erabakiko dute.
Azken hileetan umeentzako espazioen inguruko iritzi ugari egon dira, eta hainbat gurasok Durangoko Familiak taldea sortu dute, ekarpenak egiteko.