Aukera Azokako bisitariek eskaintza zabalagoa aurkituko dute aurten

Joseba Derteano 2018ko ots. 26a, 16:34

Dendak Bai elkarteak antolatutako azokak azken urteetako postu kopuru handienarekin irekiko ditu ateak Landako Gunean, barikutik domekara.

Durangoko, Iurretako eta Abadiñoko 32 saltokik parte hartuko dute, azken urteetan 26 bueltan ibili direnean. Gorakadaren arrazoietako bat dendek “iaz baino stock handiagoa” dutela izan daiteke Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidentearen iritziz. 

“Durangoko azoka” dela ere nabarmendu du Palaciosek, kanpoko enpresek kanpoko dendekin antolatzen dituzten azokei erreferentzia eginda. “Dena hemengoa da, Durango eta Durangaldeko jendeak antolatuta dago eta hemengo saltokiak batzen ditu, ez beste aukera azoka batzuen moduan”.  Dendak Bai elkarteak behin baino gehiagotan adierazi du antzerako merkatal azoken gaineko kezka.

Azokako bisitariek askotariko produktuak ohi baino prezio merkeagoan aurkituko dituzte. Nagusien eta umeen arropak, oinetakoak eta etxerako tresnak dira azokan aurkitu ahalko diren produktuetako batzuk.

Sarrera doakoa da eta erosketak egiten dituztenek ordu bian dohainik izango dute Landako Guneko aparkalekua.

Gune gastronomikoa, tailerrak, hitzaldiak…

Azoka bestelako eskaintzarekin osatuko dute. Adibidez, gune gastronomiko bat egongo da. Haurrek aisialdirako gune propio bat izango dute eta sukaldaritza zein gozogintza tailerretan parte hartu dezakete. Nagusiei begira okin baten hitzaldia ere antolatu dute.

Horrez gainera, askotariko zozketak egingo dituzte: 500 euroko balioa duen bidaia, afariak eta deskontu txartelak.

Honako hau da azokaren ordutegia: Barikuan eta zapatuan 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara; domekan 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!