Bertso eta abesti feministen gazte lehiaketa sortu dute Durangon

Markel Onaindia 2018ko ots. 5a, 17:53

16 eta 30 urte arteko neska-mutikoek parte hartu ahalko dute udalak antolatutako lehiaketan. Otsailaren 23ra arte bidali ahalko dira grabazioak m8lehiaketa@gmail.com helbidera, eta martxoaren 1ean hamar finalisten berri emango dute. Horiek, martxoaren 10ean Andra Marian egingo den kontzertuan jendaurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Bertso eta abesti onenari 600 euro emango dizkiete, eta publikoaren sarietan hautatuei 500.

Pilar Rios alkateordeak azaldu du "sorkuntza eta adierazpen feministak sustatzeko" ipini dutela martxan lehiaketa. Musika ere adierazpen matxisten eremu izan ohi dela jakitun, espazio horretan ekarpen feminista egitera doaz. Andra Mariko kontzertuagaz, kalean ere eduki feministak zabaltzea gura dute Itsasne Loroño teknikariaren esanetan. Usue Martinez abeslari durangarra da ekimenaren bultzatzaileetako bat, eta ekimena "era ludiko eta desberdin batean hausnarketara eramateko" tresna lez ikusten du. Hain zuzen ere, gazteak aktibatzea da helburu nagusia, belaunaldi berriak gaur egungo egoera aldatzeko gakoa izango direla uste dutelako.

Durangoko Musika Eskolaren, Bertsozale Elkartearen eta Berdintasun Kontseiluaren laguntza eduki dute lehiaketaren oinarriak finkatzeko.

Sagardoy, eredu
Prentsaurrekoa, Eneko Sagardoy Goya sariduna zoriontzeko aprobetxatu du Riosek, udalaren izenean. Esan du harro egotekoa dela Durangorentzat, eta Sagardoy "gazteentzat eredu" dela nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!