Historiara begira: bonben jopuntu, iheslarien irteera, etorkinen eta emakume presoen helmuga...

Markel Onaindia 2018ko urt. 19a, 10:12

Eraikin batek babestua izateko balioa duen ala ez esatea subjektiboa izan daiteke, segun eta nondik begiratzen diozun. Durangoko estazioaren kasuan, historia da bere ezaugarri nagusia. Herriaren azken mendeko historiaren parte garrantzitsua izan da, 1882an eraiki zenetik.

Ezaguna da 1937ko bonbardaketaren jopuntuetako bat izan zela, baina beste hainbat datu ere baditu Jon Irazabal historialari eta Gerediaga elkarteko kideak. “Sozialki sinbolo bat izan da, aldaketa handia ekarri zuen Durangora. Bonbardaketaren ostean jende askok egin zuen alde tren estaziotik. Immigrazioaren sarrera ere hori izan zen. Lantegi horietan Durangoko UGT eta CNT sortu ziren. 1934ko iraultzako tiroketak egon ziren bertan”, zerrendatu du Irazabalek. Horrez gainera, gerra ostean preso zeuden emakume asko heldu ziren bertara, Nevers ikastetxeko emakumeen kartzelan sartzeko. Maria Gonzalez Gorosarri kazetariak horrela kontatu zuen Astola aldizkariko 5. edizioan: “Egunero trenak emakumez gainezka heltzen ziren. Nevers ikastetxean zegoen kartzelak 2.000 emakume pilatu zituen”.

Balio historiko horregatik, estazioaren eraisketa ez du begi onez ikusten Irazabalek. Beste hainbat historialari, arkitektu eta herritarregaz batera, eraikina mantentzearen aldeko manifestua sinatu duenetako bat da. Bere ustez, ondarea mantentzen ez bada ez da izaten baliorik ez edukitzearren, lursailaren balioagatik baizik. “Durangoren erdian egonik, estazioaren eremuko metro karratuak asko balio du, eta horregatik joango da pikutara”, esan du penatuta.

Industriaren aztarnak
Estazio zaharra botata, “Durangok eduki duen esangura industrialaren aztarna gutxi” geratuko direla ere nabarmendu du Gerediagako kideak. Landakon dagoen tximinia, Plateruena atzean eta Arripausueta inguruetan dauden trenaren zubiak, eta Alluitz kalean dauden Mendizabaleko lantegiko zutabe bi, hain zuzen. “Alemanian, adibidez, zentro kultural bihurtu izan dituzte lantegi zaharrak. Han ahal bada, zergatik ez hemen?”, bota du galdera.

Nortasunaren zati
Belen Bengoetxea arkeologoa ere bada manifestuaren sinatzaileetako bat. Aitortzen du estazioak ondare artistiko aldetik ez duela baliorik, baina ikuspegi historikoagatik Durangoko nortasunaren zati bat dela uste du. Balio hori “sakonagoa eta interesgarriagoa” da Bengoetxearen iritzirako.

Geltoki berria eraiki zenean, instituzioek “iraganarekiko errespetuz” jokatu beharko zuketela pentsatzen du arkeologoak.  

Eraikina mantentzea lortuz gero, sozialki eta historikoki aztertzea komeniko litzatekeela dio Bengoetxeak, eta gero, “soluzio irudimentsu eta alternatiboak aukeratu”.

Babesteko eskaera
Udal gobernuak ez du uste eraikina zutik jarraitzea merezi duenik, eta Jaurlaritzagaz batera aurrera darrai eraisketan. Oposizioak, ostera, horren aurka egin du. Eraikina kultur ondare izendatzeko eskaria erregistratu zuen azaroan EH Bilduk, eta erresoluzioa egon bitartean, legearen arabera obra geratu egin behar dela gogoratu du alderdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!