“Burgosko prozesuko zigortuak gure etxera, Durangoko estaziora, ekarri nituen lotara”

Markel Onaindia 2018ko urt. 19a, 09:09

Argazkia: Lehior Elorriaga

Enrique Urkijok (Durango, 1951) hunkituta begiratzen dio egunotan eraisten ari diren tren estazio zaharrari. Horma eta teilatu horien babesean jaio zen, eta umezaroan bizitakoari esker hasi zen trenen mundua maitatzen. Jostailu eta egongela bereziak zituen: benetako trenekin benetako estazioan jolasten zen. Tradizio familiarrari jarraitu, eta Euskotrenen hasi zen lanean, trenbideen planifikazioan.

Gero, ibilbide luze eta garrantzitsua egin du: Bilboko Metroaren antolaketan ibili zen, Malagako Metroa sortzen, Renfen zuzendari nagusi... Bilboko mugikortasun zuzendaria da gaur egun. Estazioan bizitako urteetan, sekretupeko ekintza politiko esanguratsu baten protagonista izan zen. Burgosko prozesukoak publikoki agertu aurretik, estazioan egin zuten lo.

Trenekiko pasioa zure aitarengandik eta aititarengandik datorkizu. Zer dela-eta bizi zineten estazio zaharrean?
Gure aititak Ferrocarriles Vascongadosen lan egin zuen 1905etik 1957ra bitartean. Gerra sasoian, Eusko Jaurlaritzako garraio zuzendaria izan zen, Agirre Lehendakariagaz. Kontseilaritza Juan Astigarrabia komunistaren esku zegoen, eta nire aitita jeltzalea izan arren, ardura horixe zeukan; teknikari bat zen berez. Gero, erbestera joan behar izan zuen, eta bueltatzean enpresa berean lanean jarraitu zuen. Aitita bezala, gure aita ere Bilbon jaio zen, eta Atxurin hasi zen beharrean 1934an. 1949an Durangora etorri zen, lanagaz batera etxebizitza eskaini ziotelako. Berak eta amak ezkondu egin gura zuten, baina ez zeukaten etxerik. Tren operazioak zaintzeko plaza bat atera zen Durangon, eta trenak edozein ordutan pasatu zitezkeenez, plaza hori etxebizitza eskubideagaz zetorren. Gure aita estazioko aginte postuan egoten zen lanean, eraikineko zati berriko lehen pisuan, eta gu bigarrenean bizi ginen. Gure ama Zumaian jaio eta Bermeon bizi izan zen; beraz, guk ez dugu aurrekaririk Durangon. 11 neba-arreba jaio ginen estazioan bertan. Gero, amak beste ume bi eduki zituen Unamunzagaren klinikan, baina biak hil ziren.

Zu noiz arte egon zinen bertan bizitzen?
Ezkondu nintzen arte, 26 urtegaz, 1977an. Nire familia, ostera, aita jubilatu ostera arte egon zen bertan, 1989ra arte. Durangoko lanaren ostean, Bilbo-Plentzia eta Bilbo-Hendaia lineetako zirkulazio arduradun izendatu zuten, 1979an. Nire anaia bat ere trenbidean lanean hasi zen, eta Durangoko estazioan egon zen bizitzen.

Umezaroko zer oroitzapen duzu?
Andenetan jolasten ginen. Bizilagun batek oiloak ere bazeuzkan, eta hantxe ibiltzen ginen denak batera. Jendeak esan izan dit: “Zuk izango zenituen tren elektrikoak etxean, ezta?”. Ez, bada, nik benetako trenak nituen etxepean. Tren-gidari batek, probak egiten zebilela, Berrizeraino joateko gonbita egin eta hantxe joaten nintzen trenean, ahal nuen guztia ukitzen. Bozina jotzea itzela zen! Geltoki aurrean Arrazolako autobusa geratzen zen, eta autobusik ez zegoenean futbolean ibiltzen ginen. Ezkurdi oso ondo zegoen jolasteko, orain txarto eginda dagoela esango nuke. Kariño handiz gogoratzen dut sasoi hura.  

Trenen ordutegiak buruz jakingo zenituen...
Bai. Eguneko lehen trena 05:05ean irteten zen Bilborantz. Jendearen zarata, mugimendua... Trena irten orduko, txistua jotzen zuen geltokiko buruak, eta tren-gidariak bozina. Eta gero trena martxan hasten zen. Hori guztia nik lo egiten nuen gelaren azpian. Baina, sekula ez nuen goizez entzun, barneratua bainuen. Greba zegoenean bai, orduan konturatzen nintzen, ohiko zarataren falta sumatzen nuen. Gabon askotan, afaltzeko mahaia bulegora bajatzen genuen; azken trena 23:00etan heltzen zenez Durangora, eta behargina etxera joan zedin, gure aitak hartzen zuen agintea. Lan eta etxekoekin afaldu aldi berean egiten zuen.

Mugimendu handiko eremua zen. Anekdotarik gogoan?
Txikia nintzela, dinamita bagoietan garraiatzen zuten, eta egun batzuetan Durangon pasatzen zuten gaua. Behin, bagoia gordeta zegoen tailerrean sua piztu zen, eta goizaldean, 03:00ak bueltan, etxetik atera behar izan genuen, amaren eskutik helduta.

Gaztaroan, jende askok ez dakien ekintza politiko garrantzitsu baten protagonista izan zineten zu eta estazioa.
1977an, Burgosko prozesuko epaituen kaleratzea akordatu zuten. Belgikara eta Danimarkara bidali zituzten, besteak beste. Urte haietan KASeko mahai nazionalean nengoen, eta epaituak Euskal Herrira ekarri behar zirela erabaki genuen, euren egoera legeztatzeko bidean. Kantaldi baten bidez jendaurrean aurkeztea pentsatu genuen, Abadiñoko probalekuan.  Askatasunaren Ibilaldiaren garaia zen. Alderdien arteko barne eztabaidak genituen, protagonismoaren inguruan. Ekitaldiaren aurreko gauean, eztabaidan ari ginen HASIko bi eta EIAko beste bi. Perturren desagerpeneko urteurrena zen, eta epaituak hari Anoetan egin beharreko omenaldian agertzea gura zuen EIAk. Burgosko epaituak Bilboko etxe batean zeuden gordeta, eta euregaz  adostea pentsatu genuen azkenean. Agerraldia Durangora lekuz aldatzerik ba ote zegoen galdetu zidaten, eta nik baietz, Jesuiten futbol-zelaian egin zitekeela. Bada, zigortuak gau hartan bertan Durangora lotara etorri behar zirela erabaki genuen, eta estaziora ekarri nituen. Gure etxe aurreko pisua libre zegoen, langile bat jubilatu zelako, eta giltza geneukan. 01:00etan etxeko atea jo eta: “Ama, Burgosko epaituekin nator”, esan nion; pentsa erreakzioa! Koltxoi bat atera genuen Monzonek lurrean lo egin ez zezan. Goizean, esnatzean, urduri zeuden. Gure amak egindako bazkaria jan zuten, eta arratsaldean autoz eraman genituen Jesuitenera Durangoko eta Iurretako hainbat lagunek. Bost bat mila lagun zeuden kantaldian, eta zigortuak agertzean apoteosikoa izan zen. Jesuitek esan zidaten nire ardurapean hartzeko ekitaldia, eta horregatik, hurrengo goizean nire bila etorri zen Guardia Zibila. Lehen hauteskunde demokratikoen segidan izan zenez, ez ninduten ukitu. 50.000 pezetako isuna ipini zidaten, eta amnistiagaz kendu egin zidaten.

KASeko zuzendaritzan egon zinen, beraz. Nola egin zenuen ibilbide politikoa?
Txabi Etxebarrietaren funeralaren testuinguruan hasi nintzen politikan inplikatzen. 1973an Deustuko unibertsitatetik kanporatu ninduten, militantziagatik, eta Granadara joan behar izan nuen karrera amaitzera. Gero, HASIren bidea hartu nuen 1975ean, eta 78an Euskadiko Ezkerrara pasatu ginen bertako zati handi bat. Gero ere EEn jarraitu nuen nire bidea.  

Historialari eta ikerlari ugarik, baita herritar askok ere, eraikina ez botatzeko eskaera egin dute. Zelan ikusten duzu zuk?
Eraikinak baliorik duen ala ez? Bueno, uste dut ni ez naizela objektiboa horretan, alde sentimentalagatik. Sentimentalki oso lotuta nago estazio horretara. Euskotrenen lan egiteari utzi nionean ere, penaz negar egin nuen.

Euskotrenen hasi zenuen bide profesionala, eta Bilboko Metroaren sorreran parte hartu zenuen gero.
1980tik 1995era egon nintzen Euskotrenen. Metroko gerenteak lana eskaini eta proiektuaren sorrera antolatzen egon nintzen. 10 urte eder izan ziren, intentsoak. 2004an, Malagako metroa sortzeko arduraren aukera sortu zitzaidan, eta bost urtez egon nintzen han. Sevillako metroa martxan jartzeko koordinatzaile ere ibili nintzen. Gero, Andaluzian nire nagusia zena Renfeko presidente egin zuten, eta hark deituta, Renfeko zuzendari nagusia izan nintzen hiru urtez. Madril-Valentzia abiadura handiko linea inauguratzea tokatu zitzaidan, eta interesgarria izan zen. 2012an Euskal Trenbide Sarera (ETS) etortzeko aukera sortu zitzaidan, eta duela urte eta erditik Bilboko Udaleko mugikortasun zuzendaria naiz.

Tradizio familiarrari jarraitu diozu. Durangoko estazioan bizitakoak bultzatuko zintuen horretara.
Trenek beti erakarri izan naute, garraioaren planifikazioak ilusionatzen nau, ondo pasatzen dut.  Orain, nire seme biek ere ofizioan dihardute: txikia Renfeko makinaria da, eta nagusia Arabian dago injineru, trenbide bat eraikitzen. Denok jarraitzen diogu, beraz, trenbideetako tradizioari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!