Zer da ‘Ametsondoa’?
Sagarrondoa bezala, ametsak ematen dituen arbola bat da, edo bazkalondoa bezala, ametsaren ondokoa. Funtsean, ipuin laburrak dira, batzuk aforismoak, edo poemak modukoak, hausnarketa txikiak... Gizakion oinarrizko sinboloen inguruan dira, sarritan ametsen bidez agertzen zaizkigunak. Liburuaren irakaspenak ez ahaztu da liburuaren hari bat, Mikel Laboari keinu bat da, eta nire buruaz barre egiteko ere bai.
Eta nondik dator ideia? Zelan sortu zitzaizun?
Hasieran, bi-hiru amets kateatu zitzaizkidan, iratzartzean euren egiturekin eta sinbolismoekin harritu nindutenak. Ipuinak ziren! Otsoa, basoa, gaua, desertua, ateak, ama, perretxikoak... agertzen ziren. Denbora aurrera joan ahala, astebetez bakartzea erabaki nuen, idazketari ekin ahal izateko.
Beraz, lotan amestutakoa idazten saiatzen zinen? Zelan egiten zenuen hori lortzeko?
Bai. Lo hartu eta iratzartzen saiatzen nintzen. Sakoneko urpekaritza moduko bat izan zen. Loaldi bakar bat egiten baduzu, gerta liteke ez akordatzea. Baina loak hartu eta 40 minutura iratzartzen bazara, berriro lo hartu eta berriro esnatu... bada, zaila da ametsaz ez akordatzea. Hain erritmo zoroan bizi gara... Niri literaturak denbora eskatzen dit. Mugikorra amatatuta pasatzen nuen eguna.
Zelako jantzia dauka liburuak diseinu aldetik?
Azala Gotzon Garaizabalek egin du, hasierako irudi bat nire alabak; eta barruko ilustrazioak nik neuk, tamalez (barrez).
Joseba Sarrionandia, Azokan ere presente
Ametsondoa ez da Peru Magdalenak Durangoko Azokan aurkeztuko duen nobedade bakarra. Izan ere, Pello Salaberriagaz batera landutako ‘Joseba Sarrionandia, hemen eta han’ dokumentala ere eskainiko du abenduaren 9an, 18:30ean, Irudienean –Zugaza zineman–. Iurretako Udalak Sarrionandiari esker ona erakusteko antolatutako jardunaldien baitan estreinatu zuten ikus-entzunezko hori. Gainera, Sarrionandiaren bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonak, lekuak eta gertaerak ere kontatzen dira bertan. Magdalenak dio pozik daudela dokumentalak jasotako harreragaz. Iurretaz aparte, Azpeitian eta Hazparnen –Martin Larralderen herria– eman dute orain arte. Gainera, idazlearen familiak ere ondo hartu izana baloratu du. “Gai delikatuak dira. Familia pozik egon zen estreinaldian, eta horregatik, pozik gaude”. Azokan, Berriaren standean erosi ahalko da dokumentala, eta gero, egunkari horregaz zabalduko dute. |