Alerta, Tuesday Evenings, Sermonds, Sybaris, Yoko Out… taldeetan ibilitako esperientzia handiko bost musikarik sortu dute Nebrashka.“Hainbat taldetan ibiliak gara. Yoko Out taldean denok egon ginen. Hala ere, hainbat aldaketaren ostetik eta musika aldetik ere eboluzio nabarmena izan genuela ikusita, etapa berri bati ekitea erabaki genuen”, dio Muñozek. Aldaketa handia da. “Country eta folk doinuak rock doinuekin nahasten genituen Yoko Outen. Nebrashkan, aldiz, indar handia hartzen dute rock doinuek”, azaldu du Nebrashkako kideak. “Kanta potenteak dira, zenbaitetan gogorrak, baina ahots melodia batez apainduak”, gaineratu du.
Erakusleiho “itzela”
Trantsizio hori islatzen du Azokan aurkeztuko duten lanak. Bizimina eta Animaliak gara abestiak batzen ditu autoekoiztutako singleak. “%100 Nebrashka da Bizimina, baina Animaliak Gara abestiaren %20 Yoko Out da”. Hala azaldu du Muñozek, eta, egindako lana ezagutarazteko, Azoka erakusleiho “itzela” dela aitortu du. “Urtean hiruzpalau kontzertu eskaintzea. Horixe du orain helburu Nebrashkak”. Hala ere, “gutxieneko ospe bat behar da kontzertu horiek leku polit batean jo ahal izateko eta, gaur egun, ematen du Azokan ez dagoena ez dela existitzen. Presentzia hori ematen du”. Horretara dator abesti bik osatutako lan labur hau.
Ander Bastidarenak dira abestien letrak. Bizimina minbiziagaz sortutako hitz joko bat da. “Minbiziari buruz hitz egiten duen abestia da, gertuko esperientzia pertsonal baten haritik sortutako kanta. Dena ondo irten zen, eta beraz, mezu baikorra ere badu”, azaldu du Muñozek. Animaliak gara, berriz, “trantsizio abestia” da. “Melodikoagoa agian, entzuteko errazagoa. Izan ere, hein handi batean Nebrashka den arren, Yoko Out ere bada zati batean”.Gizakiari eta bortizkeriari buruz ari den abestia da hori.
Diskoa, hurrengo erronka
Estilo oso desberdinak dituzten bost musikari batzen ditu taldeak, eta bakoitzaren “esentzia” hartu du Nebrashkak. Hala uste du Muñozek.“Nebrashka moldatu da taldekide bakoitzaren estilora, ez alderantziz. Horregatik diogu oso era naturalean sortutako abestiak direla”. Datorren urtera begira diskoa kaleratzea da erronka. “Hala ere, gure erritmora. Gehienok familia dugu, ume txikiak, eta horrek baldintzatu egiten gaitu”, gaineratu du. Koba estudioan grabatu zuten Bizimina PiL.T. taldeko Xanperen laguntzagaz. “Erraztasun guztiak eman dizkigu grabatzeko, eta oso pozik gaude lanagaz. Diskoa ere berdin landu gura dugu eta hurrengo urteko uda osterako gura genuke edukitzea”. Autoekoiztua izango da hori ere, “bestelako aukera politen bat sortzen ez bada”.
Musika Zuzenean-en erakustokian egongo da salgai singlea Azokan, hiru euroan. Autoekoiztuta edo disketxe txikiekin grabatutako 40 bat talderen lanak izango dira bertan.