Mokotxiki albuma aurkeztuko duzu Durangoko Azokan. Zertan datza labetik atera berri duzun albuma?
Mokotxiki hizkuntza arroztasunaz mintzo da. Albumean bi lagunen arteko harremana aurki daiteke, handiarena eta txikiarena. Hau umeek oso erraz identifikatu dezaten, bi animaliagaz baliatu gara. Bata hipopotamo indartsua da, oihanean orro egiten duena eta animalia guztiek errespetatzen dutena. Bestea, berriz, txori txiki bat da, Mokotxiki, honek ere orro egitea izango du helburu. Animalia bien arteko sinbiosiak harremanean garrantzia izango du, batak besteari lagunduko baitio.
Hizkuntza txikiek mundua handitzen duten leloa darabilzu zure azken lanean.
Mokotxiki albuma hizkuntza txikien aldeko alegoria bat da; lan honetan animaliak erabiltzen ditugu, bakoitzak bere hizkuntza aurkitu, zaindu, maitatu eta horregaz hitz egin behar duela esateko irakurleari. Nahiz eta hizkuntza txikia izan, erabili egin behar dela adierazi gura du Mokotxikik, hizkuntza txikiek mundua handitzen baitute.
‘Mokotxiki’ albumaz gain, ‘Pikondoaren balada’ lana ere Azokan izango duzu.
Bai, udaberrian kaleratu nuen lana ere Durangora eramango dugu. Gizon baten eta bere familiaren istorioa da, gerra garaian kokatuta dagoena. Gizonak pikondo batera igotzea erabakitzen du, eta handik sekula ez bajatzea. Bizitzaren aurrean eta gerraren aurrean duen jarreraz mintzo da gizona Pikondoaren balada liburuan.
Udaberrian kaleratutako lanagaz Lizardi saria jaso duzu eta iazko Azokarako ateratako ‘Piztipoemak eta beste xomorro batzuk’ lanagaz Euskadi Literatura Saria. Ereindako hazia uzta ematen ari dela esan daiteke?
Heltzeko denbora asko egon diren lanak dira biak ala biak. Gauzak aurretiaz nola egin gura nituen pentsatuta nuen, eta horrek gauza txukun bat egiten laguntzen du. Egia da hazia erein eta uzta jaso orduko denbora pasatzen dela, baina mimoz sortu eta zainduz gero gauza politak irteten dira.
Nola hartu dituzu sari hauek?
Niretzat bai Lizardi Saria bai Euskadi Literatura Saria errekonozimendu bat dira. Hamar bat urte daramatzat haur literatura egiten, eta hau aitorpen lez hartzen dut. Hala ere, egia da sari bat jasotzea beti dela pozgarria. Baina aitortu behar dut niretzat sari bat jasotzea argazki bat ateratzea dela. Behin argazkia aterata, berriro ere entrenatzen jarraitu behar baita hurrengo maratoia prestatzeko.
Zure lanetan, normalean, poesia eta haur literatura uztartzen dituzu. Ez al dira bi mundu desberdin?
Ez. Uste dut, eta sinestuta nago, gainera, umeek literaturagaz duten lehen kontaktua poesiaren bitartez dela. Ume jaio berri bati abesten dizkiogun lo kantuak ez al dira, ba, poesia?
Aurtengo Durangoko Azoka bertan dugu. Esaterako, Saguganbaran ikusiko zaitugu.
Bai, Maite Mutuberrigaz batera Mokotxiki albuma aurkezten izango naiz. Saguganbara oso gogoko dudan tokia da, liburuak aurkezteko toki bikaina. Saguganbaran entzuleagaz harreman zuzena sortzen da. Bestalde, abenduaren 8an ere, Euskadi Literatura Saria jaso dugunok mahai-inguru batean izango gara. Horrez gain, Azokan ere izango naiz, bertan ahalik eta denborarik gehien pasatzea gustatzen zait eta.
Zer da zuretzat Azoka?
Azoka, aurten, sormenaren lurralde lez kateatu dute, eta sormenaren erakusleiho bat ere badela esango nuke. Niretzat erakusleiho eta plaza aparta da. Gainera, sortzen ari garela erakusteko balio du Durangoko Azokak, eta sortzaileen partetik, harri geldia barik, dabilen harria eta dabilen herria daukagula erakusteko.