52. Durangoko Azoka

“Gure iraganeko elementu askori bigarren bizitza bat eman diezaiekegu”

Aritz Maldonado 2017ko abe. 2a, 20:30

Ilusioz eta gogoz dago Bernat Vidal (Gaztela eta Leon) Arbasoko lehendakaria 22. Euskal Denda hastear dela. Artisauen azokak toki bat egin du Durangoko Azokaren alboan, eta dagokion toki horri eusteko, beharrean jarraitzeko asmoa agertu du.

Zein neurritan da garrantzitsua Euskal Denda bertako artisautzarentzat?
Durangoko Azoka bezala, Euskal Denda ere oso garrantzitsua da sektorearentzat. Euskal Herriko enpresa askok etorri gura duten azoka da hau. Honen bidez, sektoreari ahalik eta ekarpen handiena egiten saiatzen gara gure aldetik. Aurten, postuen %37 berriak dira, lehenbizikoz egongo dira Euskal Dendan, eta horrek esan gura du beste hainbat kanpoan geratu behar izan direla. Guk beste azoka batzuk ere antolatzen ditugu, Euskal Dendak baino eragin handiagoa dutenak publikoarengan; adibidez, Bilboko Gabonetako azoka, [80.000 bisitari izaten dira bertan]. Baina artisauentzat, erreferentziazkoa da Durangoko Euskal Denda.

Zein irizpideri jarraitzen diozue ekoizleak aukeratzerakoan?
Arautegiaren arabera, Euskal Dendan parte hartzen duten ekoizleek profesionalak izan behar dute. Artisauek herrialdeko erregistroan izena emanda egon behar dute, besteak beste. Artisautza herrialdeetako Batzar Nagusien menpe dago, eta bertako departamentu bakoitzak ezarritako irizpideak bete behar ditu lehenik eta behin. Lehentasunezkoak dira, baita ere, autonomoetan alta hartuta egotea edo zergen ordainketa egunean eramatea. Agindu horiez gainera, guk gure irizpide propioak ditugu, azoka erakargarria izateko eta bisitariek nobedadeak aurkitzeko. Adibidez, sektoreka errepikapenik egon ez dadin, aukeraketa bat egiten saiatzen gara. Azokakoa ez da harreman komertzial bat bakarrik: ondo dago ekoizleak saltzera etortzea, baina azoka erakargarri bat antolatzea da gure lehentasuna. Horretarako, txandakatu egiten ditugu postuak baita ere.

Ofizio tradizionalak hiltzen ari dira?
Bizitza honetan beste gauza askogaz gertatzen den bezala, atzean geratzen diren gauzak galdu egiten dira. Ofizioen kasuan esan daiteke zaharkituta gelditzen ari direla: orain ez dute betetzen lehen zuten funtzioa. Horregatik da interesgarria ikustea egungo beharrizanetara nola moldatu daitezkeen. Bea Unzuetaren kasua ikusi daiteke hor [aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu zuen]. Bere garaian erosketak egitera joateko erabiltzen ziren otzarak, eta gaur egun perretxikotan joateko erabiltzen dira. Sozialki aldatu egin dira planteamenduak, eta horietara egokitu behar du artisautzak. Beak etorkizun-sena garatu du, adibidez, Basque Craft jardunaldietan parte hartuz eta diseinatzaileekin iritziak trukatuz. Horrela, arraroa dirudien arren, gailu elektronikoentzako zorroak egiten hasi da, adibidez. Baserriko otzarak gogora ekartzen dituzten produktuak dira, baina horiek izan gabe. Esentzia gordetzen dute, beste produktu bat izan arren. Hori garrantzitsua da ofizioa bizirik mantentzeko. Juanito Unzuetarentzat [Bearen aita zen] ezinezkoa izango zen hau, nahiz eta hau ere begitazio handikoa izan. Gure iraganeko elementu askori bigarren bizitza bat eman diezaiekegu. Horretarako, artisautza tradizionala ulertzen eta maitatzen duen jendea behar da. Durangaldean, adibidez, azken xistera egilea eduki dugu, Miguel Angel Arriaga berriztarra, eta hori galtzeak pena handia ematen du. Zerbaitek bere erabilera galtzea pena bat da. Erakundeen aldetik egunerokoa lantzen da, eta horrelako kontuek ihes egiten diete. Iaz Washingtoneko Smithsonian jaialdian egon ginen, eta gure kulturaren adierazle diren elementu batzuk eskatu zizkiguten bertan erakusteko. Esan behar izan genuen, jada ez dela geratzen hori arrazoizko moduan egiten duenik. Kaikuak, adibidez, sinbolikoki erakusten dira, gaur egun balio funtzionalik ez dutelako ia. Azken finean, ez da zerbait kitscha egitea, baizik eta gai izatea ofizioa eta artisautza ulertzeko, eta produktu duinak sortzeko. Eta nazioartean garrantzia ematen zaio horri. Pentsa, Durangoko artisau baten produktuak Japonian saltzen ari dira!

Zein da artisautzaren erronka nagusia?
Bizirik irautea, batez ere. Eta baita jendearen bizitzari zentzua ematea ere. Paradojikoki, bi paradigma ematen ari dira gaur egun. Alde batetik, eguneroko zurrunbiloa, erosketak internetetik egiteko joera, ziztu biziko bizimodua. Bestetik, ‘lasai’ dioen mugimendu bat, gauzak baloratzen dituena.

Kontuan eduki behar da gauzak irauteko egiten zirela lehen, eta gaur egun alderantzizkoa gertatzen ari da. Diseinatzerakoan, beti hartu izan da kontuan funtzio orokorra; diseinua eta artisautza jorratzen dituztenek, ostera, irauten duten eta kalitatezkoak diren produktuak egiten jarraituko dute. Artisauak beti lehenetsi du kalitatea, bere lana horretarako egiten du. Kontzeptu batzuetara itzultzen ari da jendartea, eta artisautzak bere lekua egin dezake testuinguru horretan. Teknologiak pisu handia du egungo jendartean, eta hori ezin du baztertu artisautzak. Kontrakoa baizik. Horri egokitu egin behar zaio, batez ere herriaren tradizioa eta kultura bizirik mantentzen laguntzen badu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!