Joseba Sarrionandiaren ‘Kristalezko bihotza’ narraziotik abiatu duzu ‘Herejeen alaba’.
Hala da. Asko egon ez arren, badaude Durangoko herejeei buruzko fikziozko zenbait lan: Gilen garateako batxilera (Mario Onaindia) edo Kattalin (Toti Martinez de Lezea). Hala ere, paradoxikoki, Sarrionandiaren Kristalezko bihotza (Narrazioak Elkar, 1983) da Durangoko herejeei buruzko testurik irakurriena. Askok etxean duten Durangoko herejeei buruzko testu bakarra. Bertan, Orreagako monje batek baimena eskatuko du bidaia bat egiteko. Durangon herejeak daudela-eta, hona dator, eta iristean jakingo du 12 hereje erreko dituztela biharamunean, tartean neskato bat: herejeen alaba.
‘Herejeen alaba’ istorio horretan oinarritzen da?
Hori da Sarrionandiaren testuaren abiapuntua. Ez dugu argituko, baina irakurlea harritzea lortzen duen norabide aldaketa egiten du idazleak Kristalezko bihotza narrazioan. Askok pentsatuko dute bere irudimenetik sortutako gertaera izan zela, baina iturri historikoak ditu oinarri, eta nik gertaera historiko horren genesia aurkitu dut XII-XIII. mendeetako heresiaren hastapenen inguruan ikertzen ari nintzela:
1163an, Kolonian (Alemania) zenbait hereje atzeman zituzten eta erretzera kondenatu. 1164koa da horri buruzko lehen iturri historikoa.
Durangon 1440-1500 arteko urteetan izan zen herejeen kontrako errepresiorik handiena, eta Burgosko Apezpiku Alonso de Cartagenak bere apezpikutzatik gertu dauden mendi batzuetako herejeak ditu hizpide 1449an idatzitako liburuan; Durangokoak, XX. mendean kaleratutako liburu horren edizio modernoaren hitzaurreak defendatzen duenez. Hitzaurre hori jaso zuen Larrakoetxeak, 1950-1960 urteen artean Durangoko idazkaria izan zenak, Durangoko herejeei buruz idatzitako liburuan, eta gutxi batzuen artean banatutako liburu horren kopietako bat Sarrionandiaren eskuetara heldu zen.
1163ko Koloniako jazoeran oinarritzen da ‘Kristalezko bihotza’-ren giltza den gertaera?
Bai, baina kontaketa eraldatzen joan da, gero eta literarioagoa bihurtuz. Egile edo idazle bakoitzak interes politiko edo ideologiko propioak, ideia moralak, zabaltzeko erabiliko du andren edo neska gazteen irudia. Hartara, historiaren zati bat izan zena istorio bihurtuko da, aldatuz joango da. 1163tik 1223ra lau iturri historiko daude, gero eta literarioagoak. Sarrionandiak erakutsi du gertaera hark orain ere harritu dezakeela irakurlea.
‘Herejeen alaba’-ren gakoetako bat andren irudiaz egin den erabileran dagoela diozu.
Irakurlea harritzeko erabili izan da emakumearen irudia, baina ez Sarrionandiak lez gozamen estetiko bat sortzeko, heresia zein txarra zen frogatzeko baino. Ustez ahulak zirenak ere —emakumeak— heresiaren, deabruaren atzaparretan jausten zirela erakusteko. Ahulagotzat hartzen zituztenez, errugabeagotzat ere bai. Gizonei aurre egiten zieten andrak arriskutsuak zirela zioten, haiengandik urrundu beharra zegoela, eta jarrera irmo eta boteretsua zuten neskek deabruagaz lotura zutela defendatzen zuten egile batzuek; heresiaren eskuetan jausi eta erretzera kondenatuta amaitzen zutela zioten. XIII. mendera arte egiten zen erabilpen hori. Bi mende geroago, judaismotik bilakatutakoen kontrako errepresioaren testuinguruan, Burgosko apezpiku Alonso de Cartagenak erabiliko du.
Hiru zati ditu liburuak.
Bai. Lehenengoan Kristalezko bihotza narrazioaren 1983ko bertsioa jaso dugu, 2011rako (Narrazio guztiak, Elkar) egindako zenbait moldaketa gehituz. Euskara idatziak bizitako momentu esperimentalen arteko paralelismoa —XV-XVI mendeetan eta 80ko hamarkadan—, indartu gura duen hirugarren bertsio bat sortu dugu. Nire saiakera laburra jasotzen du bigarren zatiak, eta, azkenak, Durangon egondako heresien errepasoa egiten du: Anbotoko herejeei eta Durangoko herejeei buruzko nire testu bana, eta Sarrionandiaren beste bat batuz, Durangaldeko herejeak eta Artekaleko manzaneroa (Durangoko Ibaizabal aldizkaria, 1979) .
Fikzioa eta errealitatea nahasten dira?
Biak nahasten dira nire ikerlanagaz kontatzen dudan istorioan. Gero eta fikziozkoagoa da Koloniako gertaera. Burgosko apezpikuak apokrifo bat ere sortu zuen, benetakoa lez saldu gura den kontaketa faltsua.
Harrera ona espero duzue?
Bai. Azokako nobedadeetako bat da, euskaraz idatzia, eta Joseba Sarrionandiak bermea ematen du. Fikzioa eta historia nahasten ditu liburuak eta irakurterraza da.