Imajinatzen dut ama batek ume jaioberri bat bezala hartuko duela musikariak bere eskuetan disko berria. ‘Denbora Da Poligrafo Bakarra’ hirukien ostean dator ‘Infrasoinuak’. Zerk egiten du berezi?
DDPB disko hirukoitz bereziaren ondotik, disko laburra dakargu orain. Musikalki ez dakar hausturarik, baina zutabe sendoak dauzkan lana dela esango nuke. 10 kantuekin asebeteta irten ginen estudiotik eta, laburra izanagatik, lan honek gure DNA-n dauden eragin ezberdinak biltzen ditu.
Harritzen nau munduan zehar biraka ibili bitartean kantu berriak sortzeko duzuen gaitasunak. Sorkuntzak ba al du etenik kantugilearen buruan?
Sormenaren radarra ez duzu sekula guztiz itzaltzen, baina, normalean, disko bat grabatuko dugula erabaki arte ez naiz kantuak osorik konposatzen hasten. Bitarte horretan ideiak, egunerokoak dakartzan apunteak, esaldiak edo gitarra riff batzuk har ditzaket, baina nahiago dut disko bat epe jakin batean landu, trinkotasunaren alde egiten duelakoan.
Bill Stevensonengana bueltatu zarete diskoa labean sartzeko. Pozik zaudete emaitzagaz?
Oso pozik. Oraingoan, DDPB-ren hirugarren atalean ez bezala, bere erara egin dugu. Horrek esan gura du benetan zorrotzak izan garela denok estudioan, eta zinez poztekoa izan da Billek eta estudioko ekoizle ekipo osoak izan duen engaiamendua. Maketa bidali genienetik maitemindu egin ziren kantuokin eta hori nabaritu egiten da.
Letrei erreparatuta, nabarmentzeko esaldi eta hitz-jokoak dakartzazue berriro, ‘Troyako smartphoneak’, adibidez. Norbere aukeratik gauzak aldatzeko deialdi bat nabari da. Zerbaiti itxaroten al gaude?
Halako lozorro orokor bat begibistakoa da, geure buruetatik hasita. Dardararen bat kantuak irudi adierazkor bat dakar, jendea makurtuta, belarriak trenbidean, norbait gure bila etorriko zain edo.
“Isolamendua izango da boladan jarriko duten izurritea” diozue ‘Spoiler’ kantuan. Musika ez al da isolamenduari aurre egiteko arma onenetako bat?
Kantuak partekatzea, zaleak zure hitzak bere egiten dituela ikustea bada modu bat zerbaiten parte sentiarazteko.
Disko berriagaz, zer piztu gura duzue entzuleen bihotz-buruetan?
Infrasoinuak ditu ardatz diskoak, gure artean egonagatik jaramonik egiten ez diegun alarma hots horiek. Infrak beragaz dakar azpian egote hori, eta keinu egiten diegu aintzat hartuak izateko borroka egin behar duten norbanako, kolektibo edo herriei. Kulturari buruzkoa ere bada kezka, irudiaren aroan ez ote den infrasoinu moduko bat, bertan egon baina inork entzun gura ez duen zera bat.
Durangoko Azokako standean ordu askoz egoteko ohitura hartu duzue, zaleei sinatzen zein argazkiak ateratzen. Talde moduan zer eskaintzen dizuete egun hauek? Izaten al duzue astirik hartzaile moduan Azokaz disfrutatzeko?
Autoekoizpenean denetik egitea tokatzen zaizu eta horietako bat gure standean egindako lana defendatzea da. Nekagarria suerta daiteke, baina, era berean, gogobete egiten zaitu zaleekin bat egin eta euren iritziak bertatik bertara jasotzeak.
Ahotseneak 10 urte egin ditu. Jaio zenetik, aparteko bizitasuna eman dio Azokari. Zuek zapatuan arituko zarete, 11:00etan. Gogoz zaudete?
Izugarria da Ahotsenean egongo den egitaraua, zenbat eta zenbat sortzaile dabilen gurean eskaintza interesgarriak partekatzen. Erabakigarria izan da Ahotsenea Azokaren ardatza salerosketa hutsetik beste ikuspegi batzuetara lerratzeko.