Durangoko jaiak

Jaiak, altzariak etxetik ateratzeko egunak?

Markel Onaindia 2017ko urr. 31a, 17:12

Gezurra dirudien arren, batzuek, soberan dauden altzariak etxetik botatzeko aprobetxatu dituzte San Fausto jaietako egunak. Udalak 1.200 kilo batu ditu altzaritan, Aitor Larruzea teknikariaren arabera. Garbiketa zerbitzua sendotzen denez, hainbatek etxea husteko jokaldia egiten dutela uste dute udaletik. Berez, udalak badu urte osoan zehar bilketa berezi hori egiteko zerbitzua, baita egun zehatzak ezarrita ere. 

Udalak jaien balorazioa egin du prentsaurreko bidez, eta hor eman dute datu kurioso horren berri. Larruzearen arabera, kontzientziazio kanpaina bat garatuko dute jendeak tamaina handiko hondakinak araututako ordutegian atera ditzan. Bestelakoan, jaietan "arrakasta itzela" lortu dela azaldu du Iker Oceja zinegotziak. Eguraldi onak partaidetza handitu du. Esaterako, txupinazoan 2.000 lagun inguru batu ziren. Hori bai, kalean batu den jendetzak hondakin kopurua ere handitu du: iaz 35.600 kilo jaso zituzten, eta aurten 53.400 izan dira.

Zauritutako udaltzaina ondo dago
Ocejaren esanetan, jazotako bi eraso sexistak eta udaltzainei eginiko erasoak izan dira notizi negatiboak. Mozkor bati etxera laguntzen zihoazela, harek bultzatzearen ondorioz buruan kolpea hartutako udaltzaina ondo dago, bajan. Udaltzainen ordezkariak esan du "sustoa" hartu zutela zauritu zenean, konortea eta memoria galdu zituelako. Hala ere, "jaiak ez dira bereziki gatazkatsuak izan", bere ustez.

 

Hona hemen jaietako datu batzuk:

Partaidetza:

- Luhartzen 1.000 pertsona

- Vulkano orkestran 2.600 pertsona

- Skakeitan kontzertuan 1.200 pertsona

- Marmitako txapelketan 1.200 pertsona

- Mozorro desfilean, 13 talde eta 260 pertsona

- 46 elkarteren partaidetza

 

Udaltzaingoaren irteerak:

- Mugikorren lapurretak 20

- Diru zorroen lapurretak 9

- Bestelako lapurretak 9

- Lesioak 2

 

Garbiketa:

- 53.400 kilo hondakin

- 255.000 lirto ur (iaz baino %20 gutxiago)

- 10.000 litrodun 4 kamioiren erabilera

- 31 behargin lanean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!