Durangoko Gau Krosa, egun batez izar sentitu gura duenaren proba

Joseba Derteano 2017ko urr. 27a, 14:27

Durangoko Gau Krosa izar handiak eta korrikalari afizionatuak maila berean jartzen dituen lasterketa da. Parte hartzen duen edonor berezi sentiarazteko ezaugarriak ditu. Doan postuan doala, Alde Zaharreko kale estuetatik gora eta behera dabilen korrikalariak protagonista den sentsazioa izaten du, zaleak beren txalo eta animo oihuekin ondo-ondoan dituela. Helburu horregaz sortu zuten, eta helburu beragaz egingo dute hirugarren aldia zapatu honetan.

Durangaldea Running taldeak antolatutako proba nagusia 20:00etan hasiko da, Santa Anan. Gaututa egongo da ordurako eta horixe da lasterketak eskaintzen duen ezohiko beste osagai bat.

Ibilbidea iazko berdina izango da, baina kontrako norabidean egingo dute. Artekaletik jaitsi, Ezkurditik igaro eta Uribarri kaletik igoko dira Alde Zaharrera, han hainbat kaletan gora eta behera ibiltzeko. Zirkuitu horri itzuli bi emango dizkiote, bost kilometroko lana osatu arte. Iazko 250 parte-hartzaileak berdintzea itxaroten dute antolatzaileek. Aurretiazko izen-ematea gaur gauerdian amaituko da kirolprobak.com webgunean (10 euro).

Umeen lasterketak
Aurretik, 19:00etan, umeen lasterketak antolatuko dituzte. Iaz baino ordu erdi lehenago hasiko dira, nagusien lasterketako antolaketa errazteko. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke eta euro bat izango da. Lehenengoz ordaindu beharko da, eta “antolaketako gastuei aurre egiteko” hartu duten neurria dela adierazi du Dabid Garcia Durangaldea Running-eko arduradunak. “Opariak, hornidura, plazako musika… klubari gastu handia eragiten dio eta lasterketa hau mantentzeko hartu dugu erabakia”.

Musika, zozketak…
Lasterketak sustatu gura duen giro herrikoia musikagaz eta askotariko zozketekin osatuko dute. “Iaz DJ bat hartu genuen eta ondo irten zen. Aurten DJ bat egongo da berriro, eta baita animatzaile bat ere”, adierazi du Garciak. Animatzaileak umeen lasterketak girotuko ditu.

Lasterketa denak amaituta sari banaketari ekingo diote, 20:45 inguruan. Gizonetan zein emakumeetan aurreneko bost sailkatuentzat egongo dira sariak. Horrez gainera, parte-hartzaile guztien artean askotariko opariak zotz egingo dituzte: bazkariak, afariak, arropa…

ANBOTO lasterketako argazkilari ofiziala izango da. Domeka goizean probako argazki galeria ikusgai egongo da  www.anboto.org webgunean.
Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!