Bakoitzak bere bide, une eta neurritik. Astola, Apatako bidegorria, Mañaria; gauez, goizez, bazkalorduko tartean; zortzi kilometro, bost edo hamar. Eta horrela lortzen dugu egunerokotasunetik ihes egitea, “running” delakoari men eginez.
Hortaz, iluntzetan egiten dut ihes maiz. Eta argi txikiak bailiran ikusten ditut beste errutina-iheslari batzuk. Kolore, abiadura, ezaugarri desberdineko argitxo txikiak bezala. Egunerokotasunaren iluntasunetik at direnak. Argi horien barne, badira geroz eta gehiago nabarmentzen ari diren batzuk. Gaur egun, badirelako are eta ilunagoak diren zokoetan bizi direnak, baina argi txiki indartsuez, eta denok bilduz bagabiltza bideak argitzen. Bai. Zuek. Emakumeok iluntasuneko argia zarete.
Txikitatik nabaritu izan dut herri lasterketetan, batez ere, emakumeen presentzia falta. Emakumeen babesa, berotasuna, grina, ausardia, indarra. Horien falta sumatu izan dut.
Beraz, larunbat honetan egingo den Durangoko III. Gau krosean parte hartzeko gonbidapena egin nahi dizuet, iluntzeko zortzietan. Argia garela erakutsi dezagun.