“Gazte Egunerako abestia egiterakoan, guk sentitutakoa laburbiltzen du Gora Etorrik”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 13a, 12:45

Antton, Anes, Aitziber, Magali, Julene, Elene eta Paule. Sorgiñola Gaztetxearen inguruko zazpi gaztek osatzen dute Gora Etorri, sare sozialen bitartez ustekabeko oihartzuna hartu duen taldea. Beraiek sortutakoa da Durangoko Gazte Egunerako abestia, eta egun horretan bertan kontzertua ere eskainiko dute Txosnagunean.

Nola sortu da Gora Etorri?
Antton Izagirre: Inprobisatuta jaio da dena. Iazko sanfaustoetarako Intxaurre libre eta zabalik abestia sortu genuen, eta, oraingoan ere, jaiak hurbiltzen ari zirenean beste bat sortzeko aukera bota zuen batek. Azkenean, iaz ibilitakoak eta aurten batu diren beste batzuk batu eta  aurrera egin genuen. Elkartzen hasi ginen, eta askotan esaten den moduan, eskuetatik joan zaigu dena, eta gora etorri gara!

Gazte Egunerako kantua sortu duzue. Behar zuen kanta bat?
A. I.: Jende asko batzen gara Durangoko Gazte Egunean. Hala ere, egon dira esamesak Euskal Herriko gazte egunik handiena izango litzatekeenari buruz azkenaldian. Lekeitiokoek diote eurena dela handiena, baina gu ez gaude ados. Durangokoa handiagoa dela uste dugu. Handitasun hori areagotzeko eta ordezkatzeko, abesti bat sortzea erabaki genuen. Jendea etortzera animatu gura dugu, ia lortzen dugun

Gazte Egun jendetsuena izatea.
Aitziber Areitio.: Dena den, lehia sanoa dugu!

Zer da Gora Etorri?
A.I.: Gazte Egunerako abestia egiterakoan sentitutakoa laburbiltzen du Gora Etorrik. Gu geu animatu gara eta jendea animatu gura izan dugu, Gazte Egunera etortzea.
A.A:  Hala da. Azkenean, gauza serioa bihurtu da (barrez).

Inprobisatuta jaio arren gorpuztu egin da Gora Etorri. Milaka bisita izan dituen bideoklipa ere sortu duzue!
A.I.: Azkenengoz, 5.500 bisitatik gora! Hemendik At!-en estiloko zerbait egin gura genuen, “bakalaoaren” estiloko zerbait, eta, inprobisatuz, etxean genituen jantziekin estetika bat sortu dugu. Berdin bideoklipa.
A.A.: Sorgiñolan grabatzekoak ginen, baina okupatuta zegoen eta nire etxera joan ginen. Aita zegoen han eta traktorea hartu genuen; gero, behiak ere sartzea pentsatu genuen. Ordu biko kontua izan zen.

Nola hartu duzue hedabideetan eta jendearen artean hartutako oihartzuna?
A.A.:  Harrituta!
A.I.: Ezjakintasunak sortzen duen urduritasun horregaz ere bagaude.

Zapatuan kontzertua ere eskainiko duzue.
A.A.: Abestia sortuta, zergatik ez orain kontzertu bat? Halaxe pentsatu genuen,  eta egin ere bai.
A.I.: Bost abesti ditugu: Gazte Egunekoa, Hemendik At!-en hiru abesti eta sorpresa den bertsio bat. Gaua apur bat girotu gura dugu,  besterik ez!

Musika taldetzat hartzen duzue zuen burua?
A.A.: Ez dugu definiziorik. Nesken musika talde bat? Ez dakigu oraindik. Gatazka bat dugu hor, bai edo ez esaterako orduan. Durangoan zapatuan zer irtengo den ez dakigu, eta beraz, ezin dugu esan aurrera begira zer egingo dugun. Abesti bat sortzea izan zen lehenengo ideia, nahiz eta pentsatu ondo legokeela beste abesti batzuk ere sortzea... Baina, jendea halako emozioagaz ikusi dugu ze, abesti berriak egitea erabaki dugula. Hori bai, kontzertuak... bertigo handia ematen du horrek!
A.I.: Egia da orain nahikoa dugula zapatukoa bisualizatzen eta hori egiten. Gero, lasaiago, jaietako zurrunbilo hau amaituta, batu egin beharko gara eta zer egin erabaki.

Ikusteko dago oraindik gertatuko dena?
A.I.: Baliteke jarraitzea, baina, oraingoz, autokontsumorako kontua da beste ezer baino gehiago.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!