Emakumeak erasoetatik babesteko aplikazioa sortu dute

Markel Onaindia 2017ko urr. 10a, 12:54

Erastop izenagaz, eraso sexistaren bat sufritzen dabiltzan emakumei laguntza emateko mugikorretarako aplikazioa da Durangoko Udalak sortu duena, estatu mailan nobedade dena Pilar Rios alkateordearen esanetan. Erasoak prebenitzea edo saihestea da helburua. Erasoa jasateko unean, botoi bat sakatu eta udaltzaingoari dei zuzen bat egingo dio aplikazioak. Udaltzainek, emakumea zehazki non dagoen jakin ahalko dute aplikazioaren geolokalizazioari esker. 

Ez da hori izango aplikazioaren aukera bakarra, beste botoi bi ere edukiko ditu. Lehena, etxera bidean senide edo lagunen bategaz babestuta joatea ahalbidetuko duena; neskak bere kontaktu bat aukeratu,  eta honek onartzen badu, bidea elkarregaz komunikatuta egingo dute. Hurbileko pertsona horrek uneoro jakingo du neska non dagoen, geolokalizazioak erakutsiko diolako. "Erantzuna azkarra izatea gura dugu, erasoa saihesteko", esan du Idoia Agorriak, aplikazioaren sorkuntzan ibili den informatikari eta udaleko aholkulariak. Hirugarren botoia, herritar guztiek erabiltzekoa da; erasoren bat ikusten badute, botoia sakatu eta 112ra dei zuzena egingo du aplikazioak. Beraz, emakumeak babesteaz eta jabetzeaz aparte, gizartearen inplikazioa sustatu gura du udalak aplikazioagaz. 

Maristak ikastetxeko informatika ziklokoek eta batxilergoko neskek parte hartu dute aplikazioaren garapenean. Hostaizka Sainz irakaslearen ustez, "protagonistak ikasleak izan direla da politena". Gainera, "inplikazioak ez du generorik eduki", bere esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!