Durangoko Ezkurdi Jai Alain MASL Ligako arte martzialen borrokaldiak izan ziren zapatuan. Borrokaldi nagusian Durangoko Anboto gimnasioan entrenatzen duen Unai Fernándezek eta Ferran Domínguez kataluniarrak neurtu zituzten indarrak. Biak esperientzia handiko borrokalariak dira. Bere jarraitzaileen animo oihuekin Fernándezek ausart ekin zion borrokaldiari, baina aurkaria ere ez zen kokildu. Eraso eta kontraerasoekin, bi asalto berdindu eskaini zituzten. Hirugarrenean gertatu zen zoritxarreko lesioa: biek une berean egin zuten aurrera eta buruekin elkar jo zuten, zauririk gaiztoena Domínguezi eraginez.
Borrokaldi nagusiaren aurretik, Anboto gimnasioan diharduen Natalia Vilarchaok galdu egin zuen Noemi González madrildarraren kontra. Gonzálezek kolpe argiagoak sartzea lortu zuen eta epaileek garaipena eman zioten. Edozelan ere, 17 urteko Vilarchaok etorkizun handiko borrokalaria dela erakutsi zuen beste behin.
Azkenik, Mikel Mateoren eta Marco Morenosen artekoa Mateok irabazi zuen.