'Deshakespeareazioa' antzezlana moldatu dute Karrikak eta Musika Eskolako soka taldeak

Itsaso Esteban 2017ko ira. 6a, 13:23

Gorka Madrazo, Arantza Arrazola eta Eunate Zarrabeitia.

Durangoko Karrika antzerki taldearen eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolaren elkarlanetik sortutako Deshakespearezioa antzezlana izango da San Agustin kulturgunean helduei zuzenduta ikasturte berrian eskainiko duten lehenengoa. Irailetik abendura arte Durangoko kulturgune horretan izango den programazioa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur.

2016ko azaroan, Plateruenak antolaturiko Hitzari Gorazarre ekimenaren barruan eskaini zuen Karrikak Deshakespearezioa obraren lagin bat lehenegoz, eta Durangoko Azokan ere izan zen ikusgai. Obra labur hura berrartu, eta haren dramaturgia moldatzen jardun dira Karrikako kideak azken hilabeteetan. Hamlet edota Uda gau bateko ametsa moduko obrak baliatuta, William Shakespeareren bizitza kontatzen du lanak, komedia eta drama uztartuta.

Aste Santu bueltan, Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasle talde bat ere batu zen Karrikaren proiektura, Eunate Zarrabeitia irakaslearen eskutik. Durangoko antzerki taldekoen lanari zuzeneko musika gehitu diote Musika Eskolako biolin, biola eta biolontxelo ikasleek. Aktore eta musikariak batuta, guztira 24 lagun igoko dira agertokira Deshakespearezioa lanaren emanaldietan. Bi emanaldi eskainiko dituzte San Agustinen: irailaren 29an eta 30ean, 20:00etan.

Elkarlana aberasgarri

Antzezlan horretaz berba egiteko, Gorka Madrazo eta Eunate Zarrabeitia gonbidatu dituzte ikasturte hasierako San Agustingo programazioa aurkezteko kulturgune horretan, gaur, egin duten agerraldira. Madrazok zein Zarrabeitiak nabarmendu dute esperientzia oso betegarri eta dibertigarria izaten ari dela antzerki taldearen eta musika ikasleen arteko elkarlana. “Musikari bezala oso inportatea da ikasitakoa erabiltzea, esperimentatzea” azpimarratu du Zarrabeitiak. Aktoreek musikariekin oholtzan daukaten “interakzioa” oso aberasgarria dela adierazi du Madrazo Karrikako kideak.

12 ikuskizun

Irailaren 17tik abenduaren 30era arte Durangoko antzokiak hartuko duen kultur eskaintza aurreratu du Arantza Arrazola San Agustingo arduradunak, gaurko prentsaurrekoan. Azaldu du, 12 ikuskizun programatu dituztela, eta horietariko batek, Karrikaren lanak bezala, Shakespeare duela ardatz. Urriaren 28an eskainiko dute Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduriko Los amantes del casco viejo. Shakespeareren Romeo eta Julieta interpretatu behar duen aktore bikotearen istorioa da Telleriak idatziriko hori.

Ikuslego helduarentzako antzerki eskaintzagaz jarraituz, Malagako La Líquida Teatro taldearen Hambre eta Khea Ziater-en Los Visitantes nabarmendu ditu Arrazolak. Lehenengoa, eszenaratze berritzailea daukan obra da, gizakiaren behar primitiboenei buruzko gogoeta. Bigarrena talk show deritzon formatuko lana da. Inprobisazioak garrantzia handia du Asier Etxeandiak, Valeri Tassok, Enrico Barbarok, Txubio Fernandez de Jauregik eta Arrate Etxebarriak azaroaren 19an eskainiko duten antzezlan horretan.

Besteak beste, Elorrioko Logela Multimediaren Drag-e uraren bila eta Jon Maiak sorturiko Ele! Lauaxeta-Lorca obren emanaldiak jasotzen dituen programazioa eskuragai ipini du, gaur, San Agustin kulturguneak. Bihar ipiniko dituzte, bestalde, ikuskizun guztietarako sarrerak salgai (Museoa obrengatik itxita dagoenez, salmenta zuzeneko zerbitzua San Agustinen bertan eskainiko dute).

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!