'Deshakespearezioa’ San Agustineko oholtza gainean

Aimar Esteban 2016ko aza. 17a, 12:30

Karrika antzerki taldeak Shakespeare-en testuetan oinarritutako antzezlana aurkeztuko du bihar, 22:00etan, San Agustin kultur gunean.

 

Hitzari gorazarre zikloaren barruan hainbat elkartek osatutako ekintza kulturalak egiten joan dira hile honetan zehar. Durangoko Karrika antzerki taldearen emanaldiaz amaituko da zikloa. Ikuskizunerako sarrerak doakoak izango dira.

Antzezlan honetan, Uda gau bateko ametsa, Hamlet, Errege gaua edo Zeuk nahi duzunez obren testu originalak entzun ahal izango diren arren, Jose Martin Urrutiak, ‘Txotxe’-k, zailtasun handiak izan ditu euskarazko testuak aurkitzeko, “obraren izenak zerikusia dauka testuak bilatzeko izandako zailtasunekin. Batzuk zaharkituta geratu dira eta berriak ere moldatu behar izan ditugu, moldatu barik ez dago ulertzerik”, aitortu du. Moldaketen moldaketak ere egin behar izan dituzte hainbat kasutan.“Aktoreek testuak ikasteko orduan ere plus bat zen testuen konplexutasun hori”. Hamar aktore oholtza gainean eta bi teknikari izango dira antzezpenean. Zailtasunak ez dira soilik euskarazko testuak aurkitzeko orduan heldu, “gauza asko sartu nahi genituen antzezlan bakar batean eta hori oso zaila da”.  

Shakespeare-en unibertsoa

Hala ere, obra honek ez dio antzerkigile ingelesaren unibertsoari keinuak testuetan soilik oinarritzen. Badaude hitz neurtuan egingo diren zatiak, baina, horrez gain, Macbeth-eko pertsonaiak edo Shakespeare bera ere, gaztetan harakina zenean, agertzen dira. Merkatu itxura duen eszenografia prestatu dute istorio berri bat kontatzeko. Gertatzen den guztia Shakespeareren garaian oinarritzen da. “Garai horretan gizonezkoek bakarrik antzeztu ahal zutenez emakumezkoak ere gizonek antzezten zuten eta hori ere keinu bezala erabili dugu”. 

Dramagilearengatik “tragediak era konstruktibo batean amaitzen dituela” ikasi du ‘Txotxe’-k. “Nahiz eta tragedia batekin bukatu, gero positiboki ateratzen den zerbait badago”.  Shakespeare-etik gehien ezagutzen duguna bere obra da baina "ez dakigu oso ondo benetan nor izan zen, tarte ilun bat dago hor eta guk tarte horretan murgildu gara gure istorioa kontatzeko”, adierazi du.

Hitzari gorazarre, Kirikiño, Txirrita, Cervantes, Arrese Beitia eta Shakespeare idazleen urteurrena ospatzeko ekimenaren barruan, “lShakespeare guk omentzea logikoena zela iruditu zitzaigun”. Hala ere, ziklotik haratago zabaldu nahi dute,  “hainbeste esfortzuren ostean barikuan jendeak erantzun ona ematea espero dugu eta asmoa antzezlana egiten jarraitzea da”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!