Euskal Kopa berreskuratu dute urte batzuetako hutsunearen ostean eta indartsu ekingo dio aldi berriari. ACBn diharduten hiru euskal taldeetatik bi batzea lortu dute. Durango goi mailako ikuskizun horren lekuko izango da, RetaBet Bilbao Basketek eta Gipuzkoa Basketek Landako kiroldegian jokatuko baitute finala zapatuan, 18:30ean.
Partidua Durangon jokatzea “ez da kasualitatea” German Monge Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentearen esanetan. Azpiegitura egokiak ez ezik, beti ekitaldiak antolatzeko laguntasuna sentitu dutela nabarmendu du eta erakundeen zein Tabirako klubaren laguntza eskertu du.
Sarrera doakoa da. Ilarak ekiditeko txartelak aurreko egunetan eskuratu daitezke; eguenean eta barikuan, 18:30etik 20:00etara. Oraindino sarrerarik geratu balitz, zapatuan bertan partidua hasi aurretik jarriko lituzkete eskuragarri. Gehienez pertsonako bi eskatu daitezke.
Euskal Koparekin saskibaloiari aupada bat ematea eta “jendartera gehiago zabaltzea” dute helburu Mongek azaldu duenez. “Eta zer hoberik horretarako euskal saskibaloiko bi talderik garrantzitsuenetakoak batzea baino”, gehitu du. Bilbao Basketeko zuzendari orokor Diego Saenzek eta Gipuzkoa Basketeko presidente Nekane Arzallusek finala jokatzea “ohore bat” dela azaldu dute. “Gainera garrantzitsua da hirietatik irten eta Durango moduko herrietan jokatzea. Ona da euskal saskibaloiarentzat”, gehitu du Arzallusek.
Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta, Pilar Rios alkateordeak eta Durango Kirolak-eko presidenteak partidura joateko gonbita egin dute. “Mailarik oneneko taldeekin gozatzeko aukera egongo da”, esan du Irigorasek.
Ametx Zornotza erabakiaren zain
Bilbao Basketek gaur ere bisitatu behar zuen eskualdea. Zornotza Saskibaloi Taldearen kontrako lagunarteko partidua aurreikusita zegoen Larrea kiroldegian, baina bertan behera geratu da Zornotza S.T.-k bizi duen egoera konplikatuagatik. Oraindik ez dakite Zilarrezko Ligan jokatzerik izango duten edo ez. Federazioaren erabakiari helegitea jarri zioten eta horren erantzuna aste honetan jakitera emango dutela uste da. Momentuz federazioak ez du ezer jakinarazi, ez herenegun eta ez atzo. Taldea egituratzeko erabakia ahalik arinen jakitea garrantzitsua den arren, oraindino ezer ez jakitea federazioan eztabaida badagoenaren eta gauzak argi ez dituztenaren seinalea da Mongeren ustez eta Ametx Zornotzak Zilarrezko Ligan jarraituko duenaren esperantza baduela adierazi du.