Quorum gabe, bertan behera gelditu da trenbideko lurren gaia lantzeko batzordea

Anboto 2017ko abu. 10a, 14:16

Herriaren Eskubidea alderdiak azaldu duenez, Atziber Irigoras (EAJ) alkatea eta Jorge Varela (Herriaren Eskubidea) zinegotzia baino ez dira agertu trenbideko lurren gaia lantzeko Gobernu Taldeak deitutako batzordera. Quorum gabeko bilera izanda, bertan behera utzi dute. Batzar hau abuztuan deitzea kritikatu dute Herriaren Eskubideak eta EH Bilduk. 

Batzorde horrek zazpi ordezkari ditu: EAJk 2, EH Bilduk 2, Herriaren Eskubideak 1, PSE-EEk 1 eta PPk 1. Julian Ríos Herriaren Eskubidea alderdiko ordezkariak dioenez, "ulergaitza da alkateak abuztuan batzar bat deitzea  bere ingurukoekin quoruma bermatu barik". Ríosek gaineratu duenez, "alkateak urte bete baino gehiago darama batzordeetan parte hartu barik eta abuztuan batzarra deitu eta bera etortzeak ez du zentzurik". Herriaren Eskubidea alderdiko ordezkariak batzar horretan zer eztabaidatuko zuten ez dakiela azpimarratu du. "Idazkaritzan ez dugu informaziorik aurkitu. Informazioa eskatu dugu eta postaz bidaliko digutela esan digute". 

Dani Maeztu EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, deialdi hau "antzerkia" izan da. Udaletxeko idazkari batek alderdiei batzarrera joango ziren galdetzeko deitu ziela gaineratu du Maeztuk. "Quorumik ez zela egongo jakinda ez dugu ulertzen deialdia zergatik mantendu duten". Batzarraren inguruko informazioaren inguruan Maezturen ustez "larria" da deialdiarekin batera dokumentazio hori ez ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!