Etxezarreta jauregiaren itxituraren eraisketa etetea eskatu du arkitekto batek epaitegietan

Jone Guenetxea 2017ko abu. 2a, 21:58

Iñaki Uriarte arkitektoak Etxezarreta jauregiaren aurreko itxitura botatzearen aurkako salaketa jarri zuen uztailaren 29an, Durangoko epaitegian. Idatzi horretan Uriartek Obrak berehala etetea eskatzen dio epaileari.  

Abuztuko oporraldia Etxezarreta Jauregian obrak egiteko baliatu du Durangoko Udalak. Egunotan egingo dituzten lanen artean, jauregiaren itxituraren eraisketa dago. Iñaki Uriarte arkitektoaren iritziz, "jauregi honen balioa ezin daiteke ulertu bere itxitura gabe". Era berean, itxitura horrek Etxezarreta jauregiari ondoan duen Zabala jauregiarekin "lotura koherentea" ematen diola gaineratu du salaketa jarri duen arkitektoak. Bestalde, Uriartek salaketan txostenak eskatu dizkie Durangoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eraisketa honen inguruan.

Behin salaketa jarrita, epaileak gaia artxibatzea edo diligentziak irekitzea erabaki beharko du. Auzibidea aurrera badoa, Uriartek obrak "berehala" etetea eskatzen du, eta baita mugitu diren elementuak bere lekuan jartzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!