Arte eta Historia Museoa eraberrituko dute udan

Anboto 2017ko eka. 30a, 16:52

Durangoko Udalak 200.000 euro inguru bideratuko ditu Arte eta Historia museoaren zenbait espazio handitu eta eraikinaren irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.

Obrak uztailaren bukaeran hastea aurreikusi dute eta urriaren erdietarako bukatzea gura dute. 

Eskailerak berrituko dira, argiteria hobetuko da, suteen kontrako babes instalazio bat jarriko da, komunak eraberrituko dira, lehen solairuko irteerak zabalduko dira eta espazioa ere handitu egingo da (90 metro karratu lehen solairuan). Hobekuntza hauen jatorrian, lizentzia jarduerarekin eta irisgarritasunarekin lotutako ikerketa bat dagoela azaldu du udalak. Pilar Ríos alkateordearen esanetan, “lanek, egun martxan dauden Benita Uribarrena parkea eraberritzeko lanekin bat egingo dute. Hala, burdin-hesi batzuk aldatu eta beste batzuk kendu egingo dira, fatxada nagusiko sarrera ere berritu egingo da, Musika Eskolan egin ziren obren antzera”.

Aitziber Irigoras Durangoko alkatearen esanetan, “Arte eta Historia Museoa, Durangoko kultur-bizitzaren erdigune nagusietako bat da, horregatik, udala bere eskuetan dauden baliabide guztiak ari da erabiltzen espazioa zabaltzeko, handitzeko eta batez ere herritarrengana hurbiltzeko.

Museoaren historia

Durangoko Arte eta Historia Museoa XVIII. mendean Jose Joaquin de Echezarretak eraikitako Etxezarreta Jauregian dago. Museoak gune bi ditu: Historiari buruzkoak Durangoko pertsonaia historikoei buruzko erretratuak eta Durango zein Bizkaiko dokumentazio eta kartografia biltzen du; Arteari buruzko guneak, berriz, euskal arte moderno eta gaur egungoaren erakusgarri diren margolan bilduma hartzen du. Museoaren helburua Durangon, historian zehar, izan den ekintza kultural oro bildu eta zabaltzea da, baita atzerrian Durangori buruz egindako lan eta erreferentziak gordetzea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!