“Goiz baten Tabirak, esnatzean, txori beltzak zituan ortzian” idatzi zuen Telesforo Monzon poeta eta politikariak 1947an, Durangoko bonbardaketari eskaini zitzaion euskarazko lehen olerkian. Txori beltzak, edo, hobe esanda, saguzarrak eta labezomorroak. Durango eta Elorrio bonbardatzeko hegazkinak Pipistrelli –saguzarra italieraz– eta La Cucaracha ezizenekin bataiatu zituzten. Bonbaketariak ziren lehenak, ehiza-hegazkinak bigarrenak. Barruan, Italiako Aviazzione Legionariako 46 pilotu, kolpistei eta naziei mesede egiteko zibilen aurkako sarraski ilegala burutu zutenak. 336 pertsona hil zituzten Durangon, eta 7 Elorrion. Desagertu eta ahaztuko ez den zauri kolektibo hori osatzen hasteko, kereila kriminala aurkeztu du Durangoko Udalak epaitegian –PP ez beste alderdi guztiekin–, egia merezi duen herriaren izenean. “Garaia da egia bere osotasunean jakin ahal izateko”, adierazi zuen Aitziber Irigoras alkateak.