Bonbardaketen egileen aurka jarritako kereila tramitera onartu dute

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 20a, 18:40

Durangoko Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 3. Epaitegiak tramitera onartu du gaur Durangoko Udalbatzarrak, 1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen izenean, 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an gertatutako bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurka jarritako kereila. 

1937ko Martxoaren 31 Batzordeak prentsa oharrean azaldu duenez, "begi onez ikusi dugu kereila tramitera onartzea, horrela atea zabaltzen baitzaio ikerketa judizialari biktimei eta kaltetuei zor zaien egia, justizia eta ordaina eskuratzeko". 

Asteartean Durangoko Udalak kereila jarri zuen 300 hildako baino gehiago eragin zituzten bonbardaketak eta metrailaketak gauzatu zituzten 46 abiadore italiarren aurka, ekintzok gizateriaren aurkako krimentzat jota. Kereila tramitera onartzeak salatutako ekintza kriminalen ikerketa judizialari bidea irekitzea dakar, eta hauxe izan da 1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen helburu nagusietako bat. 

Batzordekideak dioenez,  "gure konpromezua eta borondatea berresten dugu lanean elkarrekin jarraitzeko eta beharrezko frogak biltzeko Italiako Gobernuak Aviazzione Legionaria delakoak gizarte zibila helburutzat zuela onar dezan, berau hiltzeko, suntsitzeko eta ikaratzeko asmoarekin". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!