Lekuko izan zinen, eta kereilaren ekitaldian parte hartu duzu. Zer sentsazio duzu?
Denentzako poza ez da izango, baina egin zutenek, pagatu dezatela. Min handia egin dute.
Zelan gogoratzen duzu?
Iurretan bizi ginen. Orduan ez zegoen etxe alturik, kanpandorreak ikusten ziren. Etxe ondoko estarta batean nengoen, aitagaz eta auzoko beste bigaz. Urkiolarantz begira egoten ginen beti, abioiak Mañaritik Gasteizerantz joaten ziren-eta. Halako batean, “badatozek” esan zuten euren artean, paperak botatzen hasi zirelakoan. Baina dena dardaraka hasi zen. Zer zen hura! Gran Hotel inguruan, jauregi batean, jatekoa hartzeko txartel bat ematen zizuten. Bila joatean, Andra Marian dena zen hondakina. Dardara bat sartu zitzaidan... Inork ez du merezi guk pasatu genuena. Gainera, “vosotros, los rojos, habéis bombardeado” esaten ziguten gero. Zortzi urtegaz zer genekien, bada, zer ziren bonbak?
40 urteko diktadura etorri zen gero.
Frankistak apirilaren 28an sartu ziren Durangon, eta guk 27an egin genuen alde Santanderrera. Arriandiraino oinez joan ginen, nire hiru neba-arreba txikiak ere bai. Aitak norbaitegaz adostua zuen Zornotzaraino kamioi batean eramateko. Jendeak bendak zituen ipinita; gero jakin nuen Gernikako bonbardaketatik ihesi zetozela. Durangora bueltan, Batzokiko ikastolan euskaraz ikasi genuen, eta gero, herriko eskolan zigortu egiten gintuzten euskaraz aritzeagatik. Barre egiten ziguten. Cara al sol abestu ezean ez ziguten jaten ematen.