Durangoko tren estazio zaharra kultur ondare izendatu eta bizirik mantentzeko deia

Markel Onaindia 2017ko uzt. 12a, 19:15

Eraikina bota eta ingurua zabaltzeko obrak lizitatu ditu ETSk, 8 bat hileko epean garatzeko. Horren aurrean, estazio zaharraren eraisketa eten eta herritarrek erabiltzeko lagatzea proposatuko du EH Bilduk datorren martitzeneko osoko bilkuran.

Geltoki berriko sarbidea konpontzeko obra beharrezko ikusten du udaleko bigarren alderdiak, baina ez ostera estazio zaharra botatzekoa. "Etorkizunean beste sarrera bat egiteko aitzakiaz bota gura da eraikin historiko hau". Bere balioagatik, Eusko Jaurlaritzak kultur ondare izendatzea eta herritarrei lagatzea eskatuko du bilkuran. Eraitsi gura dutenen jarrera ez du ulertzen: "Munduko beste txoko eta herrialde askotan mota honetako eraikinak bota eta gainean zerbait eraiki beharrean, hauek berrerabiltzeko logika gailentzen da". 

EH Bilduren ustez, "proiektu faraoniko honek bere hastapenetik izandako akatsak" erakusten ditu estazioa bota gura izanak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!