Durangoko Udaleko ordezkaritza batek Gorka Fraile bisitatzea eskatuko du

Markel Onaindia 2017ko eka. 28a, 10:41

2015ean minbizia topatutako Fraile presoaren aldeko plataformak mozioa aurkeztu du osoko bilkuran. EAJk, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak babestuta irten da aurrera, "oinarrizko eskubideen defentsa" dela nabarmenduta. Presoaren egoera "geratuta" dagoela diote. "Pairatzen duen gaixotasuna larria izanik ere, bere espetxe egoeran ez da aldaketarik izan". Udaleko kide batzuek Badajozeko (Espainia) kartzelan bisitatu ahal izatea eskatuko dute, bere egoera zuzenean ezagutzeko eta Fraileri babesa erakusteko.

Espetxe Zaintzako epaile nagusiagaz ere "premiazko elkarrizketa" edukitzea gura dute, mozioan onartu dutenez. Izan ere, Fraileren "sendatzeko eskubidea berma dadin" bere askatasunaren aldekoak dira, legeak hori baliatzen duela ikusita. Presoaren senideek kezka adierazi izan dute, ebakuntza ondo joan arren, minbizia berragertzeko edo hedatzeko arriskua ikusten dutelako. Urtebete pasa da azken mediku-errebisioa egin ziotenetik, eta gainera, konfiantzazko medikuaren asistentzia ezin izan duela jaso kritikatu dute. 

Frailek auzitegietan Euskal Herrira hurreratzea eskatu du, baina ukatu egin diote. Bitartean, bere aldeko plataformak lanean dihardu, eta joan zen barikuan elkarretaratzea egin zuten San Joan suaren jaian. Udalak, aurretik ere eskatu izan du preso durangarra askatzea. 

82.000 kilometro, 5 egun
Bilkura amaieran Ainhoa Sergiok hartu zuen berba, Fraileren lehengusinak, eta presoaren inguruan hainbat pertsona daudela gogoratu zuen. Datu lez, aipatu zuen Fraileren 5 urteko alabak urteotan 82.000 kilometro egin behar izan dituela aita ikusteko, eta bisita orduak batuta, ez dela bost egunetara heltzen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!