"Ez zera zu gaixoa / ez daukazu gaitza / Heriotzarekilan / zure ahalegintza / Bizirik irtetzea / iraun esperantza / bizia bersortzea / zain daukazun dantza". Joseba Barriolak abestu zion behin Aitzol Gogortzari. Ezin doinu hori burutik kendu. Urtebete pasa da Durangoko Gorka Fraile preso durangarraren inguruan udalak bere egoraren konponbidearen inguruko mozioa onartu zuenetik. Maiatzean, urtebete pasa da, Gorkari azken mediku errebisioa egin ziotenetik. Gorkak preso jarraitzen du, gaixo jarraitzen du, larriki gaixo. Erakunde publikoei Gorkari oinarrizko eskubideak bermatzea baino ez genien eskatzen. Osasun eskubidea bermatzea, konfiantzazko mediku batek bere informearen jarraipena egitea eta elikadura duina jasotzeko aukera izatea. Sendatzeko eskubidea, etxean lagun eta senideekin sendatzeko eskubidea.
Hitz hauek jarri zituen Josebak Aitzolen ahotan: "Ez nitaz euki pena /ez egin negarrez /Nire gogoz nabil ta / ez ibili auspez / Mundu berri bat daukat /barnean saminez / Hazi eder askoak / erditzeko minez".
Benetan sinisten dut konponbiderako giltza euskal gizartearen eskutan dagoela. Izan gaitezen giltza!