Aurtengo taldea aurkeztu zutenean, talde indartsua zutela eta ilusioz beteta zeudela adierazi zuen Agurtzane Elorriaga zuzendariak. Harrezkero egin duten bideak itxaropentsu egoteko arrazoiak bazituztela erakutsi du. Gaur, Miho Yoshikawa japoniarrak Espainiako Kopako zazpigarren proba irabazi du Caspen (Zaragoza). Esprintean nagusitu da. Taldekako sailkapena ere Durangaldeko taldearentzat izan da. Bizkaia-Durangok Espainiako Kopan lortzen duen bosgarren garaipena da. Eta garaipen horiek lau txirrindulariren artean lortu izanak taldeak duen maila eta indarra erakusten du. Paola Muñoz txiletarrak Kopako lehenengo lasterketa irabazi zuen Nojan. Lourdes Oyarbidek bi bider zeharkatu du helmuga aurreneko tokian: Alcobendas eta Costa Blancako sarietan. Bosgarren garaipena Mavi Garciak eskuratu zuen Roldanen (Murtzia). Gainera, Garcia lider dago sailkapen nagusian Kopa amaitzeko proba bi falta direnean.