Horrez gainera, gaur emandako prentsaurrekoan, eraikina "autogestio bidez eskaintza kulturalez beteta" dagoela gogoratu du koalizioak. Ez da hori negoziaketei ezarritako baldintza bakarra. Iaz euren abstentzioak ahalbidetuta onartu ziren aurrekontuak, eta proiektu batzuk egin barik daudela salatu dute; bada, horiek betetzea da bigarren baldintza. Aramotzeko hiltegia zegoeneko eremuaren egokitzea, Landako ikastetxeko estalpea, Antso Estegiz eta Matute plazen berrikuntza edota San Faustoko baserria auzora zabaltzea dira ipinitako adibide batzuk.
Otsailaren 27an aurkeztu zuen gobernuak zirriborroa, baina oraindik kontu batzorde berezirik ere ez dela deitu kritikatu du oposizioko indar nagusiak. "Udal gobernuaren utzikeria eta herrirako proiektu estrategiko ezaren beste adibide bat" da euren ustez.
Lau proposamen
Ezarritako baldintza biak onartuz gero, lau proposamen eskainiko ditu EH Bilduk. Etxe hutsak mobilizatzeko plan integral bat; tren geltoki zaharreko eremuaren plana berrikustea, aisialdira eta sorkuntza kulturalera bideratzeko; Landako Gunea urteko 365 egunetan zabaltzea; eta baserritarren azokaz hausnartzea, merkatu plaza kontsumo lokalerako eta aisialdirako gune erreferentzial bihurtzeko.