"Kontuan edukita eraikina jabego pribatukoa dela eta udaleko dirua publikoa dela, ez dugu ulertzen udalak zergatik bere gain hartzen duen gastu hori", esan du Irantzu Zuazuak. Jabego pribatukoa izateaz aparte, Iparraldeko Ur Konfederazioak eta URA agentziak ere badute ardura, eraikin azpitik erreka pasatzen delako. Udaleko osoko bilkuran, kritika bera egin zuen Dani Maeztuk.
Diru publikoaren erabileragaz jarraituta, Sapuetxekoek hobe ikusten dute gazteen etxebizitza politikan inbertitzea, adibidez. Bestalde, gogoratu dute Durangon beste eraikin batzuk ere badaudela ordenamenduz kanpo.
Gaztetxetik kultur espaziorako jauzia egin du Sapuetxek, eta bizirik dagoela diote. "Eraldaketa handi batean dago. Mugimendua bizitu denean, presioa egiten hasi dira", esan du Jon Unzuetak. Adin ugaritako jendeak parte hartzen du, eta ekintzak ere anitzak dira: La Noche Boluda hileroko antzerki emanaldia, Umerri hezkuntza egitasmoko afariak, umeen jolas-txokoa, Kurdistanen aldeko ekimenak... Rio De Orokoei ere lekua erraztu zieten azoka egunetan.
Elkarbizitzaren alde
Gainera, elkarbizitzaren aldeko apustua egin dute. Ordutegia auzokideekin adostu dute, adibidez. "Jende askok ezin zuen ikusi Sapuetxe, eta guk hori argi daukagu. Baina ja ez da arazorik sortzen", dio Gorka Zuazuak. "Ez da lehengo espazio iluna; gauza politak egiteko espazio bat da", azaldu du Irantzuk. Eguaztenetan egiten dituzte asanbladak, 18:00etan.