Pelotoiko pipermina izan gura du Eiser-Hirumet taldeak

Anboto 2017ko api. 21a, 21:10
Eiser-Hirumet (zutik) eta Bestealde-La Tostadora (makurtuta) taldeko txirrindulariak gaurko aurkezpenean.

Estatu mailako itzulietan parte hartzeko hainbat gonbidapen jaso dituzte (Leongo eta Segoviako itzuliak, esaterako) eta horren arrazoia lasterketetan erakutsi duten nortasuna da. Bide horretatik jarraitzea dute helburu hiru txirrindularigaz hasi eta gaur egun 16 batzen dituen taldea sendotzen jarraitzeko.

“Aurpegia ematea, ausardiaz lehiatzea eta nortasuna erakustea”. Horiek dira Eiser-Hirumet taldearen aurtengo arma nagusiak Pablo Mas prestatzaile fisikoaren ustez. Zertarako? “Errespetua irabazteko, izena egiteko eta lasterketak amaitzean egindako lana aintzatetsi diezaguten”. Hori da jarraitu behar duten bidea estatu mailan tokia egiteko eta, momentuz, apustu ausart hori emaitzak ematen ari da Leongo, Segoviako eta Nafarroako itzuliak lehiatzeko gonbidapenak jaso dituztelako.

2015ean hiru txirrindularigaz hasi zuen bere bidea Duranguesa txirrindulari elkartearen proiektuak. Orain Punta Galea elkarteagaz indarrak batuta 16 txirrindulari dituzte eta horietako 11 harrobikoak dira. Aro berri baten lehenengo etapan daude. “Orain urte batzuk ezinezkoa iruditzen zitzaigun afizionatu mailako taldea sortzea, erantzukizun handiegia zela uste genuen. Horregatik, gaur non gauden ikusteak poz handia ematen digu”, azaldu du Josu Atxotegi Durangesako presidenteak Durangoko San Agustin kulturgunean egindako aurkezpen ekitaldian.

Euskaldun Torneoko koliderra taldean dute: Alain Ramirez. Harrobiko ziklista da, Bestealde-La Tostadoratik igotakoa. Ramirez berak azaldu duenez aurten “lasterketa bat irabaztea” du helburu. Garaipena du buruan Jaco Pelser hegoafrikarrak ere, azaldu duenez. Pablo Masi “helburu anbiziotsua, baina egingarria” iruditzen zaio.

Aurten nazioarteko hainbat lasterketa lehiatuko dituzte Espainiako Kopa alboratuta. Atxotegiren esanetan, “bietatik bat aukeratu behar genuen eta argi eta garbi dugu nazioartean aritzea hobea dela”.

Hauek dira aurtengo 16 txirrindulariak: Julen Solaun, Arkaitz Agirre, Asier Perez, Fermin Reinicke, Erlantz Calvo, Max Williamson, Elliot Redfern, Eukeni Rotaetxe, Jon Munitxa, Alain Ramirez, Xabier Gutierrez, Nicolas Saez, Oskar Malasetxebarria, Markel de la Fuente, Adrian, Sainz eta Jaco Pelser. Unai Uribarri, Kimetz Lapazaran eta Roberto Arteaga hirukoteak osatuko du kirol zuzendaritza.

Bestealde-La Tostadora

Bestealde-La Tostadora gazte mailako taldea ere aurkeztu dute. Beñat Unamuno eta Beñat Etxebarriaren aginduetara arituko den seikoteak garaipen batekin hasi du denboraldia. Elkartruke programaren bidez taldera batutako Mark Donovanek (Erresuma Batua) Bugalloren Oroimenezko lasterketa irabazi zuen joan zen astean, Durangon.

Mikel Gutierrez (Abadiño), Euken Ertzilla (Elorrio), Txomin Munitxa (Abadiño), Eneko Munitxa (Durango), Julen Perez (Durango) eta Peio Ugartek (Durango) osatzen dute taldea. Gehienak aldapa gora moldatzen dira ondoen.

Durangaldeko txirrindularitzaren sasoi ona azpimarratzeko Elorrio Gaursa Team kadete mailako taldea eta Durangaldeko Bizikleta Eskola gogoratu dituzte. Azken honetan 57 gaztetxo dabiltza. Gogoan izan dute orain aste batzuk aurkeztu zuten Bizkaia Durango taldea ere.

Omenaldiak

Gaurko ekitaldiaren barruan Duranguesaren alde luzaroan lan egin duten Jose Lores eta Juanjo Bilbao omendu dituzte. Gaursa Autok-eri ere bere babesa eskertu diote.

 

Gaurko omenduak:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!