23 urtez azpiko mailan podiumetik podiumera zabiltza azken aldian ziklo-krosean.
Bai, egia esanda, pozik nago orain eskaintzen nabilen mailagaz. Denboraldi hasiera desberdina izan zen.
Zer gertatu zitzaizun denboraldi hasieran?
Ingenieritza mekanikoa ikasten dihardut, eta ikasketak nituen buruan. Azterketek edo bestelako kontuek eragindako larritasuna sentitzen nuen, eta horregatik, edo ez dakit zergatik, txarto hasi nuen denboraldia. Lasterketei eskas ekin, eta ezin buelta eman. Baina egoera horrek ez zuen luzaroan iraun, eta gorantz egin nuen. Abadiñoko salbuespenagaz; etxean ez nintzen ondo aritu.
Abadiñon erorikoa izan zenuen.
Bai, baina dena ez zen erorikoaren errua izan. Etxeko lasterketa zen, nerbioso nengoen, eta ez nuen neurerik eman. Erorikoaren ostean, eman nuena baino gehiago eman nezakeela uste dut.
Ziklo-krosean afizionatuetako hirugarren denboraldian zabiltza, eta urtetik urtera aurrerapausoak eman dituzu. Aurtengorako zer helburu zenituen?
Iazko helburua 23 urtez azpiko mailan ondo aritzea izan zen. Euskadin maila horretan ondo nabilela ikusita, beste pauso bat eman gura dut: elite mailan ere ondo aritzea. Aurten, Euskadiko araudian aldaketa bat eman da; iaz, 23 urtez azpikoek elitekoek baino itzuli bat gutxiago ematen genuen, eta aurten itzuli kopuru bera ematen dugu. Hori, oro har, guretzat onuragarria dela uste dut; esaterako, elitekoen benetako erritmoa geureagaz alderatzeko eta hobetzeko aukera izaten dugulako.
Eliteko onenekin lehiatzea zerumugan gertu ala urrun ikusten duzu?
Iaz haien eta nire artean zegoen alde hori aurten dezente murriztu dudala uste dut. Baina hortik euren mailan aritzera… Lehenengo eta behin, eurek entrenatzeko duten denbora falta zait niri. Bizikletatik bizi dira. Nik unibertsitate, azterketa eta proiektuen artean ez dut hainbeste denbora. Ikasten ibilita eurekin ibiltzea… oso gaitza da.
Gauza asko dituzu buruan. Denera heldu gura hori ez ote zaizu kaltegarri?
Ez pentsa, ikasten bakarrik banenbil, nagiago ibiliko nintzela uste dut. Orain, ikasi behar dudanean ikasi, eta entrenatu behar dudanean entrenatu egiten dut: goizetan entrenamendua, eta arratsaldetan ikasketak. Nire denbora ondo antolatzen ikasi dut. Denbora gehiago izateak ez du beti esan gura gehiago ikasten denik.
Urritik urtarrilera ziklo-krosa, eta ostean errepidea. Gazterik gastatzen den kirolari bat baino gehiago ezagutu dugu…
Oraingoz ez dut horren beldurrik. Neguan, esaterako, entrenatzea baino, lasterketak korritzea hobea da. Beharbada, gustatuko litzaidake ziklo-krosetik errepiderako trantsizioan atseden gehitxoago izatea, baina, tira, nik beti diot ez dagoela lasterketa baino entrenamendu hoberik.
Urtarrilean munduko txapelketa jokatuko da. Inoiz izan zara? Zer aurkera ikusten dizkiozu zeure buruari?
Ez naiz inoiz egon. Iaz Espainiako txapelketan laugarren egin nuen [23 urtez azpikoan], eta orduan nire aurretik zebiltzan batzuk baino hobeto aritu izan naiz aurten. Felipe Orts seguru joango dena, baina gainerakoen artean abanikoa irekita dago. Maila onean jarraitzen badut, aukerak izan ditzakedala uste dut.
Belgikan oso kirol inportantea da ziklo-krosa, eta Duranguesatik urtero joan ohi zarete. Aurten ere bai?
Bai, han hiru bat lasterketa korritzeko asmoa dugu. Gero, Euskadiko selekzioko hautatzaileak beharbada Belgikara irteeraren bat antolatuko dutela esan zidan. Ez dakit azkenean aurrera joan den ala ez. Ikusi egin beharko dugu.
Hara joatea aberasgarria da zuentzat?
Bai, jakina. Belgikan ziklo-krosa hemen futbola bezalakoa da. Kirol honen benetako errealitatea ikusten duzu han lehiatzen zarenean. Hangoa eta hemengoa ezin daitezke alderatu. Guretzat oso aberasgarria da hara joatea.
Ziklo-krosean aritzeak zertarako balio du errepidera begira?
Ziklo-krosean teknika handia hartzen da, batez ere zirkuitua lokaztuta dagoenean. Abiatzeak hobetzeko ere oso baliagarria da. Ziklo-krosean, bihurguneetatik irtetean, abiadura segituan bizitu beharra dago; zelanbait esanda, askotan esprintatzen dugu. Horrek hasierako abiadura hori lortzen laguntzen du.
Eta errepideak, zertan laguntzen du ziklo-krosean?
Iraupenean. Beste ezeren gainetik, iraupena handitzen laguntzen du.
Berba egin dezagun errepideari buruz. Duranguesako eta Punta Galeako [Getxo] talde bana batu egin dira. Beste Aldetik igotako gazte batzuk eta Britainia Handiko bi ere izango dira, besteak beste. Oilar lartxo ez oilategi berean?
Ez dut uste. Seguros Bilbaoko [Punta Galeako taldea] txirrindulari batzuk hemengoak dira, gaztetan talde beretan egon gara, elkarrekin entrenatu gara, eta lagunak gara. Ingelesak ondo ibiliko dira, seguru. Ni prest nago lagundu behar denean laguntzeko, ondo dakit-eta ez naizela irabazteko lehian ibiliko.
Beraz, morrontza lana egiteko prest zaude?
Egia esanda, orain arte afizionatuetan sekula ez dut beste batentzat lanik egin, talde txikia izan delako. Gutxi izan gara. Orain desberdina izango da, eta taldeko baten batek irabazteko aukerak baldin baditu, ni laguntzeko prest nago.