16 pertsona bota dituzte Aramotzeko txaboletatik

J.D./J.G 2017ko api. 19a, 09:51

Aramotz auzoko txabolak botatzen hasi dira gaur goizean, 07:30ean. Hondeamakina bi lanean ari dira txabolak botatzeko eta ingurua garbitzeko. Egun bi inguru beharko dituzte ingurua atontzeko. Agindu judizial bidez, 16 lagun inguru txaboletatik bota ondoren hasi dituzte lanak. 

Txaboletatik bota dituzte pertsonak errumaniarrak dira. Euretako asko txabolen ondoko parkean bildu dira zer egin erabaki arte. Kaleratutako pertsonek diotenez, 07:30ean pertsona bat auzitegietako paperekin txaboletara joan da udaltzainek babestuta, handik irten behar direla esanez. Horrela, bost familia txaboletatik atera dituzte. Gaineratu dutenez, udal ordezkariekin orain hile bi batzartu ziren. "Txaboletatik joan egin behar ginela esan ziguten irenbiderik eman barik". 

Udal arduradunek azaldu dutenez, urte bete zeramaten instituzioen arteko elkarlanean familia hauen egoerari "irtenbidea" bilatu nahian. Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Amankomunazgoa batu izan dira gaia lantzeko. Gizarte laguntzaileagaz ere batzartu dira. Udaletik diotenez, plan bat egin zuten pertsona hauei integraziorako baliabideak eskaintzeko. "Baliabide horiek jasotzeko baldintzarik ez zuten bete gura", gaineratu dute udaletik. Txaboletatik bota dituzten familiei zein auzokideei txabolak laister botako zituztela jakinarazi dietela dio udalak.

Udal arduradunek prentsa oharrean azaldu dutenez, lan hauek bestelako jarduerak eta hobekuntzak egiteko aprobetxatuko dituzte Partzelako sasiak kendu eta garbiketa lanak egiteaz gain, lur-eremua atontzeko lanak jarriko dituzte martxan. Oinezkoentzako ibilbide atsegin bat ere eraikiko dute. Sarbideak konpondu egingo dituzte eta egun inguruetan  existitzen diren zuhaitzen ale berriak landatuko dituzte. Obren zenbatekoari dagokionez, udalak 48.842,97 euro bideratuko ditu eta lanen gehienezko iraupena 3 hilabetekoa izango da. Proiektua, paisajismoan aditua den Lasuma paisajistak enpresak erredaktatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!