Aramotzeko txabolak botatzen saiatu dira udaltzainak, baina momentuz ez dute lortu

Txaboletan hiru lagun egon dira. Atzo udaltzainen abisua jaso zuten gaur botatzera joango zirela esanez, eta hantxe itxaron dute etorri arte. Euregaz berbetan egon ostean, kaleratzea atzeratzea erabaki dute udaltzain eta teknikariek. Agindu judiziala eskatuko dute.

Txaboletan bizi diren lagunek esan dute pertsona gehiago egon direla han bizitzen, baina Errumaniara bueltatu direla. Datuen segurtasuna eduki barik, txabolak ez botatzea erabaki dute udalaren izenean joan direnek. "Indarrez desalojatzea saihestuta, pertsona hauen giza eskubideak eta duintasuna bermatu gura ditugu", esan du udalak prentsa ohar bidez. Gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini diela azaldu du instituzioak, eta handik irtetean Amankomunazgoaren neguko aterpera bideratuko dituztela.

Txaboletan bizi den gazte batek adierazi du 7 edo 8 bat urte egon direla bertan bizitzen. "Orain nora joango gara?", galdetu du gazte errumaniarrak. Bere esanetan, ez dute nora jo. Bera une honetan lanean dago fabrika batean, baina egoera zaila bizi dutela argitu du. Beste bi lagunek dirua eskatzen dute kalean.

Aramotzeko auzokideek txabolak bertatik kentzeko eskaria egin izan dute prentsaren aurrean, eta azkenaldian kartelak ere ipini dituzte udalari ardura eskatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!