Mustafa Ebdí: “Kobaneren %80 suntsitu zuten, Durango edo Gernikagaz egin zuten moduan”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 24a, 14:36

Durango, Kobane hiri kurdua eta Bartzelona senidetu egingo dira gaur.  Bonbardatutako hiriak dira hirurak. Durango bonbardatu zutela 80 urte beteko dira aurten.

Kobanek, berriz, Daex-en (EI Estatu Islamikoa, arabierazko akronimoan) eraso bortitza jasan zuen 2014ko urrian. Lau hilabete iraun zuen setioak. Milizia kurduak setio hori hautsi eta Daex kanporatu zuen hiritik. Kobaneko ordezkari lez, Durangon egongo da Mustafa Ebdí. Herri kurduaz eta bizi duten egoeraz jardun dugu beragaz. Elorrio, Otxandio eta Gernikako herriek ere babesa erakutsi diote ekimenari.

Kobane berreraikitzen laguntzeko eta hango egoeraz informatzeko konpromisoa hartu du Durangok senidetzeagaz?
Bai. Kobane ezagutaraztea Durangon, Gernikan eta mundu osoan. Kobane hiria bonbardatu zuten, eta guztiz txikitu. Hiriaren%80 suntsitu zuten, Durango edo Gernikagaz egin zuten moduan. Historia gogoratu dadin, gertatutako guztia gogoratu dadin, gure artean senidetu behar dugu. Gaur egun, Kobanek denen elkartasuna behar du, eta, batez ere, herriena; Kobanek sufritutakoa sufritu duten herriena. Badakitelako zer den suntsipena, gerra bizitzea, bizirik dirauen gizon-emakumeen drama. Oso garrantzitsua da hau guretzat, munduak ikusi dezan zer gertatu den Kobanen.

Emakume kurduen borroka ere hartu gura izan da aintzat senidetze honegaz?
Bai, emakume kurdua eragilerik garrantzitsuena da ia Kurdistan osoan, Rojavan batez ere (mendebaldeko Kurdistan, Siria iparraldean);  Kobane hortxe dago. Emakumearen papera oso garrantzitsua da esparru guztietan, eta borrokaren aurrealdean dago askotan. YPG bataila-eremurako unitatea ere sortu da. Gerraren eraginez,  joan egin zen gazte asko, baina emakumeak han geratu ziren, borrokaren frontean. Kurduek ez zuten ezagutzen emakumearen ahalmena arlo guztietan. Baztertuta zegoen, hemen gertatzen den bezala, baina emakume kurduak borrokatu egin du, eta ia eskubide guztiak bereganatzea lortu du, Rojavan batez ere. Gaur egun, hezkuntzan, osasun arloan, emakumeen kontseiluetan... daude. Paper oso garrantzitsua dute arlo guztietan; baita politikan ere. Kobanen sortutako parlamentuko presidentea emakumea da; presidentekidea gizonezkoa da. Berdin gertatzen da ministerioetan. Berdintasuna osoa da. Gure ordezkari politiko asko emakumeak dira.

Estaturik gabeko munduko herririk handiena da kurduena, auzo eta komunitateetan egituratzen dabilen herria.
Irak, Iran, Turkia eta Siria. Lau herrialdek anexionatutako herria da Kurdistan. Otomandar Inperioa amaitzean, Frantziaren eta Ingalaterraren arteko akordio batek zatitu zuen gure lurraldea. Ia 500.000 metro koadroko azalera duen lurraldea da gurea, eta 45-50 milioi kurdu gara. Guztion ametsa da estatu independente bat osatzea, eta Kurdistango zati bakoitzean borroka bat dagoen arren, batuta gaude arerioaren aurrean. Esan behar da Turkiak herri kurdua suntsitu gura duela, eta ez dituela giza eskubideak errespetatzen. Kobaneren suntsipena Turkiaren eta Daex-en plangintza izan zen:  Estatu Islamikoak Mosul eta Raqqa okupatu ondoren, Kobanera zabaldu gura zuen, Turkiagaz mugaraino heldu ahal izateko. Gobernu islamikoa du Turkiak, eta potentzia islamikoa sortu gura du; hartara, gainontzeko herriei —kurdua, herri sirioa... —erasotzeko.

Daex-en eraso bortitzek suntsitu zuten Kobane?
Bai. Turkiaren laguntzagaz egin zion eraso Daex-ek Kobaneri, Turkiak kurduak desagerrarazi gura ditu-eta. Baina AEBek ere bonbardatu dute Kobane, AEBek eta Europak ez zutelako gura Daex-ek Kobane okupatzea. Lehergailuak, tankeak... armamentu astuna erabili zuen Daex-ek eta kurduek armamentu arinegaz egin zioten aurre etsai basati horri.  Aurretik, askea zen Kobane. Kurduak politikoki eta administratiboki antolatuta geunden, baina dena suntsitu dute. Daex kanporatu ostean, itzuli egin dira herritarrak, baina askok ez dute etxerik. Bost erietxetik bat baino ez dago orain, eta ikastetxeetako ia ezertxo ere ez dago zutik.

Kobane berreraikitzen ari zarete orain?
Erasoen ondoren, hondakin guztiak garbitzea lortu genuen, Ipar Kurdistanen laguntzagaz. Orain hiria berreraikitzeko lanean daude Kobanen. Apurka-apurka, 106 ikastetxe eraiki gura ditugu, erietxeak, etxebizitzak... Laguntzagaz lortu dugu Kobane berreraikitzea, Durangok eta Gernikak lortu zuten lez. Lehen debekatuta zegoen hizkuntza kurdua, eta orain irakasten hasi dira ikastetxeetan. Arlo guztietan lan asko dago egiteko.

Nola jaso duzue kurduek euskaldunen elkartasuna?
Herri kurdua beti gogoratzen da euskaldunekin. Euskaldunak lagunak ditugu, eta elkartasun handia jaso dugu. Euskaldunek ere bizi izan dute gerra. Herri oso solidarioa da euskalduna, begikotasun handia du herri kurduak euskaldunekiko.

Ipar Kurdistango errepresio politika salatu du NBEk. Zer deritzozu Europaren jarrerari?
Europak ezagutzen du Turkiak egiten duena; NATOn dago. Baina interes ekonomikoak direla, Turkiagaz dituen aliantzak direla, isilik dago. Ez luke horrela izan behar. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak sultan handi batek lez jardun gura du, eta bertako oposizio demokratikoa deuseztatu gura du. 30-40 parlamentari atxilotuta ditu; 100 hiri kurdu handienetako alkateak atxilotu dituzte terrorismoa egotzita, eta, Nazio Batuen txosten baten arabera, bederatzi hiri kurdu suntsitu dituzte, eta 600.000 herritarrek alde egin behar izan dute. Eta Europa isilik dago. Turkiak kurduek egindako dena suntsitu gura du, baina ez diogu utziko.

Newroz jaia ospatuko duzue.
Urteberri kurdua da. Askatasunaren, aldarrikapenaren eta herrien borrokaren jaia. Herri kurduaren borrokaren jaia da, kurduon askatasunaren jaia, baina beste herri batzuek ere parte hartzen dute: herri iraniarrak, afganiarrak, indoeuropearrak... Durangon hilaren 25ean ospatuko dute Newroz, eta han egongo naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!