Zauri berberak Bartzelona eta Kobaneren senide bihurtu du Durango

Anboto 2017ko mar. 24a, 18:12

Adiskidetasuna eta lankidetza sinatzeko ekitaldia egin dute udaletxean, Jaume Asens Bartzelonako alkateordeagaz eta Mustafa Ebdî Kobaneko (Siria parteko Kurdistan) ordezkariagaz. Eremu horretako hiri bategaz senidetzen den estatuko lehen herria da Durango. Elorrioko eta Otxandioko kargudunak ere egon dira.

Bonbek eragindako zauri bera dute Durangok, Bartzelonak eta Kobanek. Duela 80 urte izan zen lehen bien kasuan, hamarkada honetako errealitate da Siriako mugen barruko Kurdistango hirian. Aitziber Irigoras alkate eta anfitrioiak justizia eta memoria aldarrikatu ditu; bonbardaketak "gizateriaren aurkako delitu" izan zirela nabarmendu du. Hil ziren guztien omenez, "ezin dezakegu ahaztu, eta hurrengo belaunaldiei kontatzeko erantzukizuna dugu". Horrez gainera, aurrera begirako mezua zabaldu du Irigorasek. "Adiskide izan nahi dugu, etorkizunari begiratzeko". Oroimen lanagaz, ez dutela mendekurik elikatu gura adierazi du alkateak. 

Asensen berbetan, "krimen haiek ezin dira ahaztu, eta gizateriaren aurkakoak izan zirenez, epaitu behar dira". Erasoen egiletza epaitzeko, Bartzelonako Udalak epaitegietara jo du, eta Durango ere bide bera jarraitzen dabil. Alemaniak egin zuen lez, Italiari barkamena eskatzea exijitu dio ordezkari katalanak.

Pozik egin du berba Ebdîk. "Durango eta Kobane zimentuetaraino bonbardatu zituzten, baina herritarrek erresistitu zuten. Sufrimenduak senidetuta gaude". Eskerrak eman ditu erakutsitako elkartasunagatik. Kobanetik bertatik ere hiru ordezkarik internet bidez parte hartu dute ekitaldian. Hitzarmena "albiste handia" dela esan du batek, eta beste batek emakumeen egoera kontatu du. "Kobaneko emakumeok asko sufritu dugu, baina egoera hobetzeko borokatzen gaude", azaldu du. Kooperatiben bidez emakumeak lan mundura sartzen dabiltzala kontatu du, besteak beste. 

Izarzugazari elkartasuna
Miren Urigoitia zinegotzi otxandiarrak adierazpen bat irakurri du amaieran, Kurdistanen atxilotu duten Eduardo Izarzugaza herrikideari eta bere senideei elkartasuna erakusteko eta atxiloketa bera gaitzesteko. Herri kurduari ere babesa erakutsi dio udalaren izenean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!