"Gure asmoa ez zen epaitegietara jotzea, baina udalari datuak eskatu eta ez digu erantzun"

Markel Onaindia 2017ko mar. 13a, 13:14

Tabira, Galtzareta eta Santikurutz auzoetako 126 familiak errekurtsoa sartu dute epaitegian, udalak ezarritako higiezinen zergarako indize altuaren aurka. Oraindik ere udalagaz akordiora ailegatzeko nahia erakutsi dute, eta batzartzeko eskaera egin diote.

Ondasun Higiezinen Zergako indize orokorra 0,2koa da, eta udalak ezarritako altua -Aldundiak 180.000 eurotik gora baloratu dituen 358 etxetan- 0,355ekoa. Ondorioz, 358 etxejabek dezente gehiago ordaindu beharko dute 2017an. 160 familia aldaketa horren aurka batu dira, eta guztien izenean joan zen barikuan 126 etxejabek udalaren araua errekurritu zuten.

2017ko diru-bilketaren aurreikuspena eskatu zuten kaltetuek, tipo altuaren arrazoiak jakiteko. Baina Josune Escota kaltetuak dioenez, "udalak ere ez daki" zelako bilketa egingo den aurten. "Gure asmoa ez zen epaitegietara joatea, baina datuak eskatzerakoan ez digute erantzun. Momentuz errekurtsoa ipini dugu, eta horrela, espedientea epaitegira eraman beharko dute", azaldu du Escotak. Udalak espedientea epaitegian aurkezterakoan, kaltetuek errekurtsoagaz aurrera egin ala ez erabaki beharko dute.

Escotaren arabera, Bizkaiko arau forala Konstituzioaren aurkakoa dela ere salatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!